Duela urte batzuetatik abiatutako gogoeta batetik sortu dute Debagoieneko 15 enpresak Bailara Industrial Network elkartea, eta gaur egin dute ekimenaren aurkezpena Garaia Parke Teknologikoan egindako jardunaldiarekin. "Genituen beharrak aztertuta, ikusi genuen elkartu egin behar ginela, geure enpresak aurrera egin eta Unibertsitateetatik-eta ateratzen zirenei ere irteera bat emateko", azaldu du Bailarako idazkari eta era berean Zermik Ingenieria enpresako zuzendari Asier Ibaibarriagak. Bazkide berriei irekita dagoen elkartea dela gaineratu du: "Gaurko aurkezpenera bezeroak eta ezagutzen ditugun beste enpresetako kideak gonbidatu ditugu, erakusteko ateak zabalik ditugula".
Talentua eta enplegua
Aurkezpenerako antolatu duten jardunaldian hainbat hizlarik hartu dute parte. Espainiako Kontseilu Ekonomiko eta Sozialeko presidentea den Anton Costasek, esaterako, talentuaz eta hori indartzeko egin beharrekoaz hitz egin du. EHUko Ekonomia katedraduna Sara de la Ricak, bestalde, berak zuzentzen duen ISEAK fundazioak landutako Euskadiko Enpleguaren Liburu Zuria izan du hizpide.
"Urtebete eman dugu berau osatzen, eta enplegu eta hezkuntza sistemaren ikuspuntutik Euskadiren abiapuntua zein den zehaztu dugu; baita erronka demografiko, teknologiko eta klimatikoaren aurrean zein ekintza-palanka ditugun ikusi ere. Hiru erronkek aukera asko ematen dituzte, baina desoreka askoren eragile ere izan daitezke. Garrantzitsua da nora jo jakitea Euskadik gizarte inklusiboa izaten jarraitu dezan, eta inor ez dadin atzean geratu datozen eraldaketa posibleengatik atzean geratu”, azaldu du Sara de la Ricak Euskadiko Enpleguaren Liburu Zuria-z. Gaineratu du liburuan elkarlanaren garrantziaz hitz egiten dutela, eta zentzu horretan, Bailarak itxura ona duela: “Txikiegiak gara bakarrik joateko, baina batera indarra egin dezakegu”.
Jardunaldia borobiltzeko, Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziak MGEP-arekin batera eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin egindako Etorkizuneko ZTIM lanpostuei buruzko ikerketako emaitzen berri eman zuten Maite Anaya eta Lierni Rabanetek.