Airea, lurra, ura eta espazioa nagusi aurtengo Zientzia eta Teknologiaren Nazioarteko Astean

Garaia Parke Teknologikoak eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoak hainbat jarduera antolatu dituzte aurten Zientzia eta Teknologiaren Nazioarteko Astea ospatzeko. Azaroaren 8tik 12ra ZTIM jarduera eta ikasketetarako bokazioa sustatzeko ekitaldiak egin dira. 

2020ko edizioaren arrakastari helduta, aurten ere telematikoki eskaini du PTGaraiak eta MGEPk Zientzia eta Teknologia astea. Euskal Herriko DBH 3 eta 4 eta Batxilergoko ikasleek adituen hainbat hitzaldi jarraitu dituzte. Ikastetxeek Debagoienean trebatutako profesional batekin zuzenean konektatzeko aukera izan dute, eta lau elementu landu dituzte: airea, lurra, ura eta espazioa. Guztira, 300 bat ikasle izan dira parte hartu dutenak, bost ikastetxetatik etorriak Txorierri, Arizmendi Ikastola, Mariaren Lagundia Ikastola, Elkar Hezi eta Aldatze. 

Ander Zarketa oñatiarrak izan du asteari ekiteko ardura. Ingeniaritza aeronautikoa ikasitakoa, Aerodinamika arloan egin du doktoretza. Saioan, haize-tunel gailu baten funtzionamenduaren azalpena egin du.  

Asteartean, Maialen Elorzak gidatu du saioa. Mondragon Goi Eskola Politeknikoan Automatika eta Industria Elektronikako Ingeniaritza ikasitakoa, gaur egun Oronako eragingailu elektronikoen arloan dihardu Elorzak. Igogailuen alde teknologikoari jarri dio arreta elkarrizketan. 

Jon Lekube izan da hirugarren gonbidatua, Telekomunikaziotan ingenieria eta doktorea. Energiaren Euskal Erakundean egiten du lan, energia berriztagarrien eta baliabideen ustiapenean ari da; elkarrizketan, itsasoko energietan orain arte teknologiaren garapena nolakoa izan den azaldu du, eta aurrera begira emango diren pausoen inguruan hitz egin du. 

Ostegunean, zuzeneko konexioa egin dugu Herbehereekin, 3D inprimatzean eta fabrikazio gehigarrian espezialista den Maria Monterorekin hitz egin baitute ikasleek. Montero Industria Diseinu eta Produktu Garapeneko ingeniaria da, eta Material ingeniaritzan doktorea. Gaur egun, Netherlands Aerospace Center-en jarduten du. 

Astelehenetik ostegunera egindako elkarrizketa horien ondoren, KAHOOT erronka bat proposatu diete antolatzaileek ikasleei, elkarrizketari buruzko galderekin. Egun bakoitzeko irabazlea Garaia Parke Teknologikora hurbildu da saria jasotzera. 

Astea amaitzeko, Garaia Parke Teknologikoan bertan  egin dute mahai-ingurua zenbait adituk. Parkean kokatuta dauden enpresetako lau profesionalek osatu dute mahaia: Jaione Martinez Skura enpresatik, Gorka Igartiburu BerEKIN startup-etik , Sergio Ruiz Iruña Tecnologías de Automatización-etik eta Idurre Albizu PTGaraiatik. Teknologien orainaz eta etorkizunaz eztabaidatzeko aukera izan dute. Saio hau bertatik bertara jarraitu ahal izan dute Arrautza Jaurtiketa Txapelketako hiru talde finalistetako ikasleek (urriaren 13tik azaroaren 5era arte izan da erronka martxan).  

Arrautza Jaurtiketako Txapelketan, Arizmendi Ikastolakoak txapeldun 

Mahai-inguruari bukaeran, Arrautzaren Jaurtiketako bi saridunak izendatu dira. Publikoaren saria Arizmendi Ikastolako Gazteluondoko DBH3ko hiru ikaslek jaso dute, haien taldea izan baita Instagram-eko @zientziateknologia kontuan "atsegin dut" gehien lortu dituena. 

Epaimahai profesionalaren saria ere Arizmendi Ikastolako DBH3 mailako talde batek jaso du. Sergio Ruiz epaimahaikidearen hitzetan, jaurtiketa guztietatik: “goragotik jaurti izan balitz ere, egindako plataforma egokiak arrautza ez haustea lortuko zukeen”. Ekitaldia amaitzeko, talde irabazleak egindako proiektua azaltzeko aukera izan du, eta dagokion saria jaso du: Escape Room baterako sarrera gonbidapena. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak