Mugikortasun jasangarria Arrasaten

Erabiltzailearen aurpegia Fernando Okina 2019ko ira. 21a, 00:00

Mugikortasun Jasangarriaren Astean gaudela eta, gogoeta bat egin nahi dut, bi aspektutan oinarrituz: herri barruan bizikletaz mugitzeko ditugun aukerak eta administrazioek horren inguruan hartzen dituzten erabakiak. Azkeneko urteotan, bizikletaz egin izan ditut eguneroko desplazamenduak, izan MGEPra lanera, izan aisialdirako darabildan toki nagusira, kiroldegira.

Bidegorritik egiteko aukerarik ez dagoenez, espaloi, etorbide edo errepideetatik joan behar izan dut, horrek dakartzan arrisku eta eragozpenekin. Askotan pentsatzen dut uda partean herriko auzoetatik igerilekura joaten diren neskamutikoengan. Bidegorri sare bat izango balute, bizikletaz egin ahalko lituzkete joanetorri horiek, arriskurik gabe eta etorkizunari begira ikuspegi hezitzaile batekin.

Arrazoi pertsonalak medio, denboraldi luzeak igaro izan ditut Holandan. Dauzkaten azpiegiturei esker, holandarrak txikitatik ohitzen dira bizikletaz mugitzera, eta txirrindularien, oinezkoen eta autoen arteko elkarbizitza kasik erabatekoa da.

Muturreko egoera liluragarri horretara iritsi gabe ere, Arrasate tropelaren bukaeran doa Debagoienean bertan daukagunarekin alderatuta. Oñatin eta Bergaran, adibidez, konponbide pentsaezinak aurkitu dituzte –bidegorriak errepidean autoekin partekatzen, espaloietan oinezkoekin partekatzen…–, ideia garbi batetik abiatu direlako: bidegorriak beharrezkoak dira baita ezinezkoak diruditen tokietan ere.

Erabakiak hartzen dituztenek borondatea dutenean konponbidea ere badago. Mugikortasun Jasangarriaren Aste bat antolatzea primeran ikusten dut, baina egunez egun egin behar da ahalegina, bide publiko bat konpontzen dugun bakoitzean, irtenbide irudimentsuak bilatzen, bizikletendako aparkaleku gehiago inplementatzen…

Hau da, lehentasunezko ardatza dela onartuz, bizikleta garraiobide gisa erabili nahi dugunoi erraztasunak jarriz eta, horrenbestez, oraindik egiten ez duten herritarrak horretara animatuz.

Espero dut lau urte barru idatzi hau berreskuratu eta ez ikustea oraindik gaurkotasuna duela, ez dugulako ezer egin, edo ezer gutxi.

----------

Fernando Okina

Arrasateko EH Bilduko zinegotzia

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak