Bide latz eta mingarriei amaiera emanez ETAk biolentzia armatuaren amaiera iragarri du, Aieteko itunaren lehen eskakizunarekin bat eginez.
Zenbat hildako eta zauritu, zenbat zauri eta malko, zenbat errepresio eta tortura, zenbat iraultza zerga eta xantaia, zenbat txikizio, zenbat preso eta iheslari, zenbat giza-eskubide urratuak, zenbat haserre eta gorroto, zenbat kilometro maltzur urrutiko kartzeletara, zenbat bahiketa... Zein atera da garaile ibilbide mingarri honetan? Ez al gara denok galtzaile izan eta biktimak neurri desberdinetan? Hortxe gordin-gordinean lehen ikasgaia, gertaturikoa berriro gerta ez dadin.
Indarkeriaren amaierako lehen pausoa emana dagoenez, konponbiderako urratsak emateko garaia da. Lehenik, ezinbesteko eta premiazkoa da Sorturen legalizazioa. Beharrezko dira presoen inguruko neurri eskuzabalak ere, beraien eskubide guztiak errespetatuz, eta batez ere biktima guztiei gertutasuna eta babesa eskaintzea. Baita irtenbide politiko berriei ateak irekitzea eta berradiskidetzerako pausoak ematea ere.
Eskertu nahi nituzke bakerantz egindako ahalegin guztiak, Brian Currinen taldeak egindako lan paregabea, eta alderdi eta erakunde desberdinen lan isila. Esperantzaren bidetik, konponbide garaira iritsi gara, eta, gertaturikoa ahaztu gabe, etorkizunari aurre egin behar diogu.