Gurea den hizkuntzak bizi duen errealitatea aztertzerakoan, Heisenberg etorri zaigu gogora.
Agian, lehenengo lana izan beharko litzateke hizkuntzaren erregistro ezberdinak behatzerakoan aurreiritziak ezabatzea. Hasi orduko, idatzi honen sinatzaileok esan nahi dugu ez dugula geure burua purista ikusten.
Egunerokoa da hizkuntza batek beste hizkuntza batzuetatik maileguak jasotzea. Beste kontu bat da hizkuntza batek bere egiturak baztertzea beste hizkuntza baten egitura gramatikalak haien ordez hartu ahal izateko.
Euskaldunok gure artean hitz egiten dugunean, euskara translanguaging-eraz egitea eta hori egoki dela esatea larria egiten zaigu. Erdaldun elebakarrarekin erdaraz hitz egiten dugunean, jar dezagun Cuenca aldeko mutil maitagarri harekin, edo jar dezagun Toulouseko jatorriz Rifeko begi handia duen neska interesgarri harekin, erdara txukun eta puristan hitz egiten dugu. Lehenengoarekin espainiera batuan saiatzen gara; frantses fin eta dotorean bigarrenarekin.
Hori kontuan izanda, hemen kontua ez da naturaltasuna, baizik eta menpekotasuna. Hizkuntza baten hiztunak, euskaldunok, oraingo honetan, mugakideak dituen bi erdarekiko menpekotasuna.
Zein da hitz berrien jaioterria? Hizkuntza handietako hitz berriek hizkuntza horietan dute sorterria; hiztunengan, hain xuxen. Ingelesa eta espainiera etengabe sortzen ari dira hitz berriak. Hizkuntza menperatuak, berriz, eskasean eta mailegutan.
Hitz berri honek, translanguaging-ak, alegia, badu jatorria: espainierazko trans (beste aldean, zeharka) eta ingelesezko languaging (hizkuntzarekiko).
Zeharmintzo, ateratzen zaigu lehendabiziko kolpean. Lapurmintzo ez dago gaizki. Traketsmintzo-k sonoritate indartsua du. Mintztrakets ez dago gaizki ezta ere.
Zergatik zikiratu hizkuntza? Zergatik ukatu norberaren hizkuntzari hitz berriak kalera jaurtitzeko aukera? Zeren lotsa dugu? Gure hizkuntzaz lotsatzen ote gara? Jardun horretan aritzeko hizkuntzan bizi behar dugu, hizkuntza barruan; horrela ez bada, zure hizkuntzako turista baldin bazara, jardun hori, hitz berriak asmatu eta plazara jaurti, beste hizkuntza batzuetan egingo duzu. Ondo dago hizkuntza zikintzea, baina bere baitatik, kanpoko zaborra ekarriz hizkuntza ahuldu egiten dugu.
Euskara maite. Bada garaia sentimendu purista hori baztertzeko.
Maite ez, guk ez dugu euskara maite; guk euskara beharrezkoa dugu.
Euskalduna izateko, euskara behar dugu. Idazteko, poesia egiteko, sortzeko, kantatzeko, maitatzeko zein gorrotatzeko, euskara behar dugu. Ahalik eta euskara zuzen, zehatz eta ondo zorroztutako labaina bezain eraginkorra.
Iruditzen zaigu Chill Mafiakoak Andoni Aizpururen oso aldekoak direla, eta ausartuko ginateke esatera Andoni Aizpuru Chill Mafiaren zale sutsua dugula. Azken bolada honetan eguraldiaren iragarpena ematen duenean, Chill Mafiaren dantzaren antza hartu diogu maparen aurrean bere pausoak egiterakoan. Chill Mafiaren aldekoa izanez gero, Andoni Aizpururen aldekoa izatea ezinbestekoa dugu.
Gustukoa dugu pertsonok hizkuntzaren bitartez harremantzea. Egoera formaletan eta ez-formaletan.
Egoera ez-formala bilobekin hitz egitea izan liteke.
Euskararekin batera espainieratik jasotako mintzaira eramaten dute hauek etxera. Zer egin behar dute aitona-amonok, jarrera orokorra dela eta bestaldera begiratu?
Gure etxeetan, edozein hizkuntzatan bezala, hizkuntzaren arautegia errespetatu eta biloben hizkuntza zuzentzen saiatu beharko genuke.
Egoera formaletan, gizartean, kirolean eta kultura ekimenetan, plazer handia sentitzen dugu euskara hutsean aritzean, eta eraginkorra da.
Hizkuntza ahularen alde egitea gizarte ahul baten alde egitea da. Guk hizkuntza indartsu eta osasuntsu baten alde egiten dugu, gizarte indartsu eta osasuntsu batean.
Herria da gorputza, hizkuntza bihotza; bertzetik berextean bitarik bakotxa, izaite horrendako segurra hil hotza. Hemen eta Armenian. Bihotz ahula, gorputz ahula.
Bihotzez, Maddi Iñarrari.