Fal(h)azia

Erabiltzailearen aurpegia Eñaut Zubizarreta 2019ko ira. 8a, 00:00

Oholtza gainera igotzeak –edo fosora jaistea– eskaintzen dizkizu bestela bizi izango ez zenituzkeen zenbait egoera esperimentatzeko, eta gerora bizitakoak erreflexionatzeko aukera. Aurten hamaika aldiz igo naiz oholtzara, eta hiruzpalau aldiz fosora jaitsi Humanity At Music (HAM) proiektuaren harira, sentipen koktel interesgarriak biziaz azken hauetan

Nire buruarekiko higuin puntu bat sentitu nuen Amaia antzokiko lehen emankizunean, 3-4 metro eskasetara Bingen Zupiria Kultura sailburua ikusi nuenean, aho-zabalka, aurkezleari kulturaren garrantziaz ahoa betetzen zitzaion bitartean. Astebete lehenago Kulturaren kontrako erasorik ez! lelopean batu ginen Gasteizen; orduan, berriz, han nintzen Lakuako trajedunen aurrean xalo-xalo jotzen.

Aretxabaletako emankizunean auzo-lotsa sentitu nuen. Proiektatutako irudietan, Euskal Herrian 20 urtetik gora daraman alemaniar bat agertu zen, esanaz euskara ikasten saiatu zela baina zailegia zenez ikasteari utzi ziola. Inongo erreparorik gabe, lau berba triste baino ez zekizkiela esan eta horrekin txisteak egiten hasi ziren. Nire harridurarako, hura barrealgara jendartean! Eta bai, gehienak euskaltzaleak ziren.

Bertan geunden profesionalok lan-baldintza duinak eskatzeko mugitu ere ez ginenean egin, berriz, ez nuen deus sentitu. Agian, musikariok ohituegi gaude kontraturik gabe lan egiten…

Eta, dudarik gabe, etsipenik handiena izan zen orkestrako kide batek aurreko funtzioetan aurkezleak horrenbeste aldiz aipatutako Buesa Arenako emankizunean joko ez genuela esan zuenean. Ez zidan min egin obra ez jotzeagatik, ez baita beste munduko ezer; ezta Buesa Arenan ez jotzeagatik, leku glamurosoagoetan zein antro ilunagoetan jotakoa naiz; baina bai antolatzaileen jokatzeko eragatik. Bailaran izandako kontzertuetan Arrasate Musikaleko orkestra, horrela esan dezakegu Sinfonia Kooperatiboa dela, eta Buesa Arenako ekitaldi handikoirako, berriz, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Finean, Errumanian edo Txinan produzitzea bezala, kostuak jaitsi konpetitibitatea mantentzeko. Diskoa grabatzeko orduan ere antzera: hobeto ekipo titularra, badaezpada ere. Akronimoko H hipokrisia izan zitekeela, lasai asko…

Txarrean txarren, hilaren 14ko arratsaldea libre izango dut, Bilbora joan eta 47ak herrian nahi ditugula ozenki esateko.

----------

Eñaut Zubizarreta

Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak