XXI. mendeko gizakiok Errenazimendu berri batean gaudela dio, non aurreko jarrera, iritzi eta jokabideak ez duten zentzurik, norbanakoak benetako protagonistak garen eta balioa ezagutzatik, malgutasunetik, multi-kulturalitatetik eta erakargarriak izateko gaitasunetik sortzen den. Bestalde, industrian datozen aldaketez Tecnaliak uztailean egin zuen jardunaldian, aukera izan genuen Frantziako Nord-Pas de Calais-en eratzen ari diren ekimen publiko-pribatuari buruz jakiteko, energia berriztagarrien inguruan sustatu behar dituzten hainbat inbertsio, egitasmo eta lan-ildori esker hamarkada batean munduko erregio industrial aurreratuenetako bat bihurtzeko asmoa dute; Tecnalia eta Veolia euskal enpresak parte hartzen dute.
Mundua azkar aldatzen ari da; gipuzkoarrok zertan ari garen galdetzen diot nire buruari eta ezinezkoa gertatzen zait zuzen gabiltzanik erantzutea. Aldundian egitasmo ekonomikorik gabe, aurreko urteetan abian jarritako ekimenak geldi, enpresetan krisiarengatik pairatzen ari garen zailtasunei inon gertatzen ez diren moduko lan harreman gatazkatsuak gehitzen zaizkie; eta politikari gehienen kritikak lehiakortasuna sustatzeko asmoz erabakiak hartzen dituzten enpresarien ordezkariei zuzentzen zaizkie. Berandu izan baino lehen konturatuko gara oker gabiltzala? Ezinezkoa dela lanpostu duinak eta ondo ordainduak, sarrera fiskal handiak eta iraunkorrak, ongizatea eta zerbitzu publiko zabal eta doakoak izatea, ahalegin pertsonala, bikaintasun profesionala, arriskuak hartzeko adorea, ekintzailetasuna, enpresa lehiakor eta egitasmo partekatuak sustatu gabe?
Gaitasunak izanda, aurreiritzi antzuak eta barne beldurrak gainditu ezinik, aurrerapenaren aukerak alferrik galtzen dituen herriak, bere buruari eta ondorengoei, txirotasuna, menpekotasuna eta emigrazioa besterik ez dio eskaintzen. Eta bada jadanik, gure buruari kontuak eskatzen hasteko garaia.