Ariguneak euskaraz eroso aritzeko guneak dira. Ariguneetako kideek taldean egingo dute hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa. Batzuk ahobizi izango dira eta besteak belarriprest.
Bideoarekin ariguneak zer diren azaldu eta entitateak izen-ematera animatu nahi dituzte. Izan ere, Covid-19a dela-eta, Euskaraldia antolatzeko osatu zen batzordeak eten egin behar izan zituen antolaketa-lanak, "pandemiak eragotzi egin digu aurreikusita genuen hainbat gauza egitea". Arlo guztietan gertatu den moduan, egoera berrira moldatu beharra izan dute. "Euskaraldia antolatzea zailagoa izango da, baina argi dugu erronkari eutsi behar diogula" adierazi dute Euskaraldiko Batzordetik.
Pandemiak gabezia handiak azaleratu ditu hainbat arlotan, baita euskarari dagokionez ere. Nolanahi ere, Euskaraldiko kideek azaldu dutenez, irakaspen batzuk ere utzi ditu krisiak. "Pandemiak erakutsi digu zer garrantzitsua den ingurukoen zaintza. Ikusi dugu zer beharrezko ditugun bertako dendak, tabernak eta enpresak, zer balioa duten herriko eragileek eta taldeek. Jabetu gara komunitate bezala funtzionatuta gauza asko egiteko gai garela, eta badakigu krisiak aurrean jarri dizkigun erronka horiei guztiei hobeto erantzungo diegula euskaraz egiten badugu".
Horregatik, entitate guztiak animatzen dituzte Ariguneak sortzera, eta irailaren 27a baino lehen izena ematera. "Entitate askorentzat egoerarik onena ez izan arren, elkar zaintzea beharrezkoa izango dugula kontuan hartuta, iruditzen zaigu Euskaraldia ere lagungarri izan daitekeela egoera honi aurre egiteko".
Hortaz, bideoan agertu diren entitateek egin duten moduan, azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den Euskaraldian parte hartzera gonbidatzen dituzte herriko entitate guztiak. Eta izena emateko, informazioa jasotzeko edo zalantzak argitzeko laguntza behar izanez gero, eurekin harremanetan jartzeko deia egin dute. Horretarako, onati@euskaraldia.eus posta helbidera mezua bidali behar da.
Honako hauek dira Euskaraldian parte hartzeko konbita egin duten entitateak: Urgaineko Zuazola eta Errekalde ikastetxeak, Elkar Hezi ikastetxea, Txantxiku ikastola, Eskola Kirola, MU Enpresagintza, Musika Eskola, Fagor Industrial Koop. E., Ulma taldeko negozioak, Laboral Kutxa, Tatarraz patin elkartea, Abixaran, Aloña-Mendiko pilota eta futbol sailak, Ganbara eta Hots abesbatzak, Lagun Leku eta Pake Leku, eta Eltziako taldeak.