Eneritz Urrutia Arantzeta (Arextabaleta): "Herria eginez"

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Urrutia 2011ko ots. 27a, 01:00

Azkenaldian kezka-iturri da herri mugimenduen gainbehera...

... herri mugimenduetan/tatik hazi eta hezi garenon artean behintzat eta hortik kanpo ere bai, nik uste. Ez gara ginenak, baina garenak ere ez izateko bidean egoteak kezkatzen gaitu. Hamarkada gutxitan dena izan da aldaketa, dena abiada eta berarekin galduz joan gara berezkoa genuelakoan geunden zer hori, herri sen hori, kohesio sozial hori, dinamismo hori. Herria deseginez doa, erausten. Adituek eman dizkigute "ismoz" jositako azalpenak: indibidualismoa, modernismoa, postmodernismoa, neoliberalismoa... solidotik likidoa, gas izaten amaitzeko. Gas globala.  

Badakizue garai batean jende andana etortzen zela Aretxabaletara uretsetara? Sendatze-ahalmen handikoak ei ziren urok eta jendea Espainiatik eta guzti etortzen zen bertara. Bainu-Etxea ere izan genuen, han Portasol aldean (hortik auzoaren izena).

Zapatuan Loramendi Euskara Elkartearen gonbitez Ametza inguruko zenbait urets bisitatzeko aukera izan genuen, inguruko auzoetako historia eta istorioak ezagutu, memoria konpartitu...

Honen moduko bigarren ibilaldia zen, aurrenekoan Aretxabaleta herria bera izan baikenuen aztergai (eta, primizian, hirugarrenean Bolinaga-Areantza aldera joko dugu). Eta badakizue zer? Txangoa izugarri polita eta gozagarria izateaz gain, sentsazio berezi batek betetzen zuen giroa: herria egiten ari ginelako sentsazioa. Belaunaldi ezberdinetako 80 bat lagun, euskararen bueltan bilduak, tipi-tapa, jakintza konpartitzen eta, nola ez, mokadu eder bat ere... enfin, itzela! Gauza txiki handi hauek batzen gaituzte, Toponimiako taldean diharduen lantaldea batzen den era berean, astero-astero lan eskerga eginez.

Gauzak beste modu batean egin daitezkeela erakutsi digute udaletxetik orain gutxi: enpresa bati dirutza eman topogida bat argitaratzeko. Polita, txukuna, koloretsua. Baina, Toponimiako lagunak, zuek egin duzuen hau ez dago ordaintzerik, ez delako soilik paper multzo batera, argitalpen huts batera mugatzen zuen lana; zuen lana hori baino askoz gehiago da: auzolana, esperientzien trukaketa, herrigintza, euskara, konpromisoa... Zorionak, beraz, Sardan, Txanpo, Paulo eta Paulo, Osinaga, Koldo, Ramon, Arando (aupa, gazteak!), Irure... eta loramenditarroi, oro har. Eskerrak ere, inguruko auzoetako herritarrei, euren laguntza eta memoria partekatzearren. Eskerrak ere institutukoei euren lan finagatik. Eta eskerrak, nola ez, Loramendiri Herria euskaraz egiteagatik. Argi dago uretsek badutela sendatze ahalmena, magia berezi bat, ezta?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak