Etxe barrura begira, bai, dagoeneko zerbait ikasi dut.
Arlo materialean: eskuko ordenagailua, telefonoa eta Internet konexioa bakarrik behar ditudala bulegoan bezainbesteko lana egiteko, eta gusturago.
Arlo garrantzitsuagoan: familian nola moldatzen ari garen ikustea. Emazteak, seme-alabek eta euren etxeetan bakarrik dauden ama eta amaginarrebak nolako indarra erakutsi duten ere ikasi dut.
Baina etxeko leihoetatik kanpora, auskalo, etorkizunari eta munduari begira, zer pentsatu ez dakit. Oraindik ez, behintzat. Eta denbora luzean jakingo ez dugula iruditzen zait. Une honetan, beldurrak eta itxaropenak ikusten ditut, nazioarteko osasun krisi hau laster krisi sozial, politiko eta ekonomiko bihurtuko delako. Edo dagoeneko bihurtu delako.
Beldurra zerk ematen dit? Demokrazia liberalen krisi sakonak, gehien. Populismo eta nazionalismo handi zein txikiak aspaldi ari dira kaosetik probetxua atera nahian, eta pandemia honek aukera berriak sortu ditu dagoeneko nahiko ahul dauden erakunde eta printzipio demokratikoak areago erasotzeko, harik eta eraitsi eta boterea populisten esku utzi arte. Eta kasu, populistak ez dira hura edo bestea. Populistak zu eta biok ere bagara. Demokraziak sekretu bakarra dauka: guztion arteko oreka eta muga. Historian inon eta inoiz lortutako askatasun maila handiena erdietsi dugu, baina askatasun hori nahitaez da mugatua. Eskubideak nahi beste aldarrika ditzakegu, baina badakigu horiek betebeharrak dakartzatela, eta gure askatasunak ondokoaren askatasunean aurkitzen duela muga. Komunitatearen tamaina edozein delarik ere, urrezko araua berbera da: gehiengoaren nahiak agintzen du, baldin eta gutxiengoaren funtsezko eskubideak bermatzen baditu. Oreka horri esker bizi gara, hainbestean, munduak sekula ezagutu duen garai oparoenean. Oreka hori apurtzen hasten garenean, gure nahiak gauzatzeko eskubide mugagabea dugula sinesten dugun unean, orduan bilakatzen gara populista, eta norbaitek bere onurarako erabiliko duen kaosaren iturburu.
Badugu dagoeneko hainbat ordezkari politiko, ezker zein eskuin, gure behar, amets edo gurari oro asebetetzeko eskubide mugagabea dugula xuxurlatzen diguna eta, okerrago, berak hori bermatzeko gaitasuna duela agintzen diguna. Arrakero oportunistak, besterik ez.
Baina gure bihotzen barrenean jakin badakigu herriak, gizarteak, estatuak ezingo digula sekula nahi dugun guztia eman. Ezingo gaituela sekula gaitz guztietatik babestu. Gure ahalmenak, eskubideak, askatasunak, guztion arteko orekan gauzatzen ditugula.
Egun hauetan zer ari gara ikasten? Guztiok dugula guztion beharra, eta ezer eskatu gabe, bakoitzak bere apurra eskainita egiten garela erraldoi.
Berdin dio komunitatearen tamainak: auzo, herri, Herri, Estatu, kontinente edo planeta. Guztiok bat garela ari gara ikasten. Eta horrek itxaropena ematen dit.