Lehenik eta behin: leihatilan jarritako kartelekin udaletxeko arduradunak deseroso zeudela eta, bertan jarri zituzten pertsonak ikertuko zituztela jakin genuen. Egun bat beranduago, “Eskoriatzan Feminismoa Bizirik” taldea ginela argi adierazten zuen orria zintzilikatu zen, ezkutatzea ez baita inoiz gure helburua izan. Ez da zaila gu ginela antzematea.
Bigarrenez: aipatutakoa gutxi balitz, ez zaizkigu inolako momentuan beraiek jarritako kexa azaltzera gerturatu; baizik eta gaia plenoan adierazi zelako izan dugu desadostasun hauen berri. Eta gaur, udalaren webgunean ez ezik, prentsan ere ikusi behar izan dugu albistea. Beharrezkoa al da udaltzaingoa erabiltzea gu izan garela jakiteko?
Harrituta gaude, benetan, gauzak egiteko modu honekin, izan ere, egokiena, herriko talde sozial eta feminista batekin komunikazio emankor bat mantentzearen alde dagoen udalarekin harremantzea litzatekeela deritzogu.
Hirugarrenez: Udalaren webgunean plazaratutako komunikatuari dagokionez, honakoa ondorioztatu dezakegu: leihatilarekin lotutako funtzioetatik haratago joan garela pentsatu izana. Hala ere, geuk argi daukagu ez dugula horrelakorik egin.
Kultura patriarkalaren alderik bortitzena arlo pribatuan ematen den indarkeria matxista dela badakigu, eta hori jarrera, pentsamendu eta eremu publikoan funtzionatzeko moduarekin lotuta dagoela ere bai. Honek desagerrarazi egin behar du, eta bide horretan aurkitzen da “Eskoriatzan Feminismoa Bizirik” taldea.
U30eko greba aldarrikatzean, aldaketak bultzatzeko prest dagoen ahots oro animatu dadin nahi izan dugu, hori izango baita kultura patriarkala suntsitzeko bidean eman beharreko hasierako pausuetako bat. Indarkeria matxistaren aurka egon eta biktimei geure elkartasuna adieraztea dira geure xede nagusiak.
Bestalde, “eremu publikoa politizatu izanaren” iritzia ere baztertzen dugu. Greba, pertsonen eskubideak eta planetaren iraunkortasuna bermatzeko bidean tresna baliagarria dela iruditzen zaigu.
Politika arlo sozialaren kudeaketa da. Bertatik abiatuta, noski greba orokor hau politikoa dela. "Greba politikoa"; eta; "greba partidista": kontzeptuak nahastu egin direlakoan gaude.
Urtarrilaren 30eko Greba Orokorra Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deiturikoa izan da; hots, ez da alderdi politikoek egindako deialdia izan.
Garbi dago bakoitza egokien ikusten zuen jarrera hartzen joan dela, baina horrek ez du inolako zerikusirik gurekin.
Azken hilabete hauetan herriko talde desberdinekin aritu gara greba aurrera eramateko lanean, baina geure autonomia zainduz, betiere.
Leihatilaren jatorrira bueltatuz, inaugurazioaren egunean taldea definitzen zuten bost nortasun ikur adierazi genituen, eta horietako bat, hain zuzen, bere izaera apartidista izan zen.
Alderdi politiko guztiei exijitu nahi diegu berdintasunaren aldeko politikak bultzatu ditzatela; bai bakoitzaren alderdiaren kudeaketa pribatuan, bai gobernatzera iristen diren instituzioetan.
Gure gizartean zabaldu den prekaritatea eta honek pertsona ororen bizi -baldintzetan dituen eragin latzak ikusirik, nork gobernatzen duen kontutan hartu gabe grebara joango ginateke.
Bizi garen komunitatean inplikatu nahi dugun persona zibilak garen heinean, jendearen arazoak gertutik ezagutu eta horiei aurre egite aldera erabaki ausartak hartuko dituzten politikariak behar ditugu.
Erabaki arbitrarioak hartzen direla ikusi, jarrera partidistak hartu ditugula suposatu eta ondorioz jasotako erasoak tristetu egiten gaitu. Horrelakoetan defendatu egingo gara!
Geure galdera honako hau litzateke: nori interesatzen zaio mugimendu feminista hau alderdi batzuen nahien baitan funtzionatzen dabilenaren iritzia zabaltzea?
Azkenik, eskerrik beroenak galdetzera eta elkartasuna adieraztera hurbildu zareten guztioi!
ESKORIATZAN FEMINISMOA BIZIRIK