Gure ekimenak, erreken egoera bistaratzeko eta horren kontzientzia hartzeko helburua du. Eta zapatuan izandako erantzunarekin, bide horretan urratsak ematen ari garela sinetsita gaude. Debagoiena osatzen duten bederatzi herrietako herrikideek parte hartu zuten auzolanean eta horrek bailara mailan martxan dagoen ekimen bakarra garela esatera garamatza.
Aurtengoan bereziki antzeman ditugu urtean zehar pilatutako zakar puntuak. Lantegien ondoan, aisialdi eremuetan latak eta plastikotxoak, txakur kaka poltsak, supermerkatuen almazen inguruak… horiek ekiditeko herritarron kontzientzia piztu zein herri erakundeek neurriak hartu beharko lituzkete.
Hala eta guztiz ere, aurrez esan bezala, gure erreken egoerak hobera egin duen arren, bide luzea dugu aurretik, eta hau herri eragile, herritar eta tokiko administrazio publikoak elkarri eskua emanda egin beharra dugula uste dugu. Beraz, eskerrik asko ekimenean parte hartu duzuen; haur, nerabe, heldu, herri eragile eta udalei. Datozen urteetan ere, horrela jarduteko nahia eta beharra adierazten dugu.
Ondo izan eta gogoratu, erreka gure kaleetan hasten dela.