Haur euskaldunak sakabanatzea ohitura bihurtu da eta ohiturak sakratuak dira, heldu euskaradun askok ere beste helduekin erdaraz jardutea bezala. Hori bai, zakurrari/haurrei euskaraz! Euskarazko ETBn ez dago zuentzat ezer, baina espainolezkoan bai! Netflixeneta euskaraz zero, baina erdaraz ziento. Mugikorrean berdin.
Euskarazko musika entzuteko Beleixera jo beharko, EiTBn gutxitxo. Kiosko eta liburu-denda gehienetan euskarazko komiki edo libururik gutxi, erdarazko itsasoan galdurik. Saltoki ia guztietan dena erdaraz, euskaldunok bigarren mailako baikara gure etxean.
Zaila dago euskaraz elikatzea, baina heldu askok eta euskalgintzak berak euskaraz egiteko eskatuko dizuegu, eta urtean hiruzpalau ekitaldi handi antolatuko "euskararen alde". Txapa polit askoak dauzkagu euskaraz egitera edo entzutera animatuz. Ez zarete kexatuko gero!
Baina euskaraz bizitzea ezinezkoa bada, jardun lasai "aniztasunaren" alde espainolez edo frantsesez, Euskal Herrian "aniztasuna" eta "kulturartekotasuna" esaten baitzaio sahararrek, portugaldarrek, txinatarrek edota euskaldunek espainolez hemen eta frantsesez Iparraldean egiteari.
Badira "erradikal" batzuk "aniztasunari" akulturazioa, asimilazioa, edo menpekotasuna esaten diotenak itsusi, baina lasai, gehienok "kulturartezaleak" gara –espainolez–! Eta erdaraz bada ere, beti egin dezakezue "ongi pilotan eta oneski dantzatzen".
----------
Ernesto Leitza Urrestarazu
Bakaiku (Nafarroa)