"Gazteontzat" proposamenaren helburua, sinestarazi nahi izan digutenaren kontra, egungo egoera aldatzerik dagoela ikusaraztea da. Izan ere gure belaunaldiak ez du krisia ez den beste egoerarik ezagutu. Azken hamarkadetan mendebaldeko gizartea gidatu duen sistema neoliberalaren agorpena ematen ari den garaian hazi eta hezi izan gara. Une hau Zibilizazio Krisi gisa izendatzen dugu. Izan ere, Kapitalak etekin metaketari eusteko, krisi egoera betikotzen duen berregokitzea burutzen ari da. Horren baitan, geroz eta bortitzagoa bihurtzen ari delarik bizitza eta kapitalaren arteko talka.
Horrek, gazteongan forma berezitua hartzen du. Izan ere, gazteria kategoria sozial gisa existitzen denetik, ezinbesteko funtzioa bete izan du sistemaren erreprodukzioaren logikan. Kapitala gazteon lan-indarra ahalik eta gainbalio handiena eskuratzeko baliatu du, horretarako gazteontzako bideratu dutelarik lan-eskaintza prekario eta debaluatuena. Krisi orokortu une honetan, non kapitalaren etekin metaketari eusteko gizarte sektore geroz eta gehiago prekarizatuak izaten ari diren, gazteok hori are modu nabarmenago batean bizi dugu. Eta horregatik, gazteok krisia modu berezituan bizi dugula esan genezake.
Alegia, prekarizazio prozesu orokortuak ezaugarritzen duen belaunaldi krisi baten aurrean gaude. Lan-eremuan esplotatuenetarikoak gara, hogeita hamar urte bete aurretik emantzipatzea amets hutsa besterik ez da eta ezin dugu era duinean ikasi. Gainera, gazteoi dagokigunean etorkizunak dimentsio berezia hartzen du. Izan ere, krisi berezitu bat bizitzen ari garela diogunean ez diogu soilik une honi erreferentzia baizik eta, egoera honek etorkizunean izan dezaken bilakaerari eta horrek kolektibo gisa eragiten digunari. Esan beharrik ez dago horrek gure osasun mentalean duen eragina. Gaixotasun psikosozialak, pandemiaren ondorio koiuntural gisa saldu nahi izan zituzten, baina gazte ororen bizitza zeharkatzen duen auzi estrukturala dela argi geratu da
Bizi dugun egoerak erantzuleak ditu, eta proposamen honek horiek interpelatzeko tresna izan nahi du. Alde batetik, gure lan-indarrez aberasten diren eta prekarizatzen ari gaituzten enpresariak, alegia, euren irabaziak geroz eta gehiago handitzeko gu geroz eta pobreago bihurtzen ari gaituzten horiek. Eta bestetik, haien esku dituzten baliabideak egoera hau arintzeko erabiltzeari uko egin eta elite ekonomikoen mesedetan jarduten duten erakunde publiko zein agintariak, bereziki Nafarroa Garaia eta Euskal Autonomia Erkidegoan lanean diharduten horiek. Izan ere, egun ez dituzte bizitza duinak izateko oinarrizko beharrizanak asetzen.
Hori horrela, proposamena eremu eta hartzaile desberdinei zuzentzen zaio, ulertzen baitugu gazteok Euskal Herrian bizitza duinak lortzeko hainbat direla plano potentzialak eta horietan guztietan eragin nahi du. Alta, ezinezkoa izango da jasotzen diren zenbait neurri eta kokatzen den norabidea burujabetza kuota handiagoak eskuratu gabe aurrera eramatea.
Beraz, baliabide hau burujabetza prozesuaren baitan kokatu behar dugu, sinetsita baikaude gazteontzako bizitza duinak era integralean eskuratzeko gure bizitzetan eragiten duten
aldagaien gaineko erabakimen osoa behar dugula. Bestetik, proposamenak Euskal Herriko gazteentzako helduleku izan nahi du, borrokarako tresna bat, baita alternatiba gauzatu daitekeela ikusarazten duen baliabide bat. Eta, batez ere, proposamen honen helburu gorena sinestarazi nahi izan digutenaren kontra, egungo egoera aldatzerik dagoela ikusaraztea da.
Gazteon bizitzak zeharkatzen dituzten zortzi eremu arakatu eta horietako bakoitzean Euskal Herrian gazteon bizi baldintza duinak bermatzeko hartu beharreko norabidea zein den marraztea xede duen bitarteko bat dugu eskuartean. Beraz, gonbita egiten dizugu proposamen honen edukietan sakontzeko eskualdeko aurkezpenera gerturatu zaitezen. Aurkezpena ostegun honetan burutuko dugu Arrasateko Etxaluzen, arratsaldeko 19:00etan hasita.
Gazteontzako bizitza duinak.
Debagoieneko Ernai.