Ezagutza eta erabilera areagotzeko etengabeko lana egin da, euskara eskoletatik hasi eta gaur egungo kontratazioetako euskara eskakizunetara iritsi arte.
Esan dezakegu lan hori pixkanaka fruituak ematen ari dela; izan ere, momentu honetan, langileen %73k euskaraz badaki eta %84k ulertzen du.
Erabilerari dagokionez, martxan jarri izan ditugun ekimenei esker –langileen konpromisoak, Eusleen dinamikak, euskara ulertzeko saioak, mintza saioak, bazkaltegiak…– esan daiteke ahozko erabilera ere gora ari dela egiten. Azken sei urteetan, %36tik %49ra.
Azken urte hauetan, Euskararen Eguna antolatu izan dugu lantegi guztietan, motibazioa eta euskararen aldeko kontzientziazioa areagotzeko. Badakigu horrelako ekintzek duten eragina neurgarria ez dela, baina, egia esan, egun horren bueltan giro polita sortzea lortzen da eta horrek eragin ona duela uste dugu.
Gainera, euskararen instituzionalizazioa indartzeko asmoz, Fagor Arrasatek 2014an Bikain Zilarra lortu zuenetik, euskararen aldeko errekonozimendu sariak emateko aprobetxatzen da egun hori eta Euskararen Egunean erabilera neurketak egiten dira, langileei egun horretan oraindik gehiago erabiltzeko konpromisoa eskatuz.
Hona hemen abenduaren 4rako prestatu ditugun ekintzak:
-Aurreko astean egutegietarako euskarazko lelo lehiaketa martxan egoten da.
-Euskararen Egunarekin batera, hornitzaileei gutun bat bidaliko zaie esanez beraiek erabiltzen duten aplikazioko dokumentu guztiak euskaraz lehenetsita izango dituztela egun horretatik aurrera.
-Goizean Euskara mingainean pegatinak banatu eta egunean zehar neurketak egingo dira; erronka: iaz baino erabilera datu handiagoa lortzea.
-Kafea eta madalenak.
-Eguerdiko hamabietan sari banaketa –errekonozimendu sariak–: 1) euskararen ibilbidean ikasi eta erabiltzeko saltoa eman duenari; 2) urteko neurketan erabilera datu altuena eman duen departamentuari; 3) azken lau urteetan erabileran nabarmen gora egin duen departamentuari; eta 4) egutegietako lelo lehiaketako irabazleari.
Aurten ere pasa dezagun, bada, egun hori ahalik eta gehien euskara erabiliz eta giro ederrean!
----------
Erika Mendibil Kortazar
Fagor Arrasateko euskara koordinatzailea
Arrasate