Genoziden bazkideak

Erabiltzailearen aurpegia Estepan Plazaola

Ia 80 urte dira Israel sortu zela, ia 80 urte 750.000 palestinar beren etxeetatik eta lurretatik bota eta etxe eta lurrok Israelgo estatuak eta kolono juduek bereganatu zituztela.

Jatorrizko palestinar lurraldearen %78 hartu zuen Israelek. Eta, harrezkeroztik ere, etengabe jarraitu du eta jarraitzen du palestinarrak bota eta euren lurrak bereganatzen; Nazioarteko Zuzenbidearen arabera, legez kanpo, baina inongo zigorrik gabe.

Azkeneko hogeita bat hilabeteetan Israel gauzatzen ari dena ez da, beraz, hamarkadatan gauzatutako lapurreta eta suntsiketaren beste urrats bat baino. Beste urrats bat, baina benetan ikaragarria: 58.000 hildako –tartean, 20.000 haur, 1.400 osasun-langile, 210 kazetari eta 450 giza laguntzaile–; osasun, hezkuntza, etxebizitza eta oinarrizko azpiegitura guztien suntsiketa sistematikoa; janariaren, uraren eta laguntza humanitarioaren blokeoa... Munduko estatu eta enpresa boteretsuenek babestutako genozidioa.

Francesca Albanese Palestinar Lurraldeentzako NBEn errelatoreak argitaratu berri du txosten bat, Okupazioaren ekonomiatik, genozidioaren ekonomiara izenekoa, eta bertan, okupaziotik eta genozidiotik etekina ateratzen duten enpresak zerrendatu ditu, eta horien artean da CAF. 2019tik dihardu CAFek Zisjordaniako asentamendu ilegalak lotuko dituen trena egiteko proiektuan, Israelgo enpresa batekin bazkidetzan, eta aurtengo maiatzean ekin dio zati berri bat egiteari. Aurrez hainbat enpresak egin diote uko proiektu horretan parte hartzeari, baina CAFek aurrera jarraitzen du.

Israel sortu baino urte batzuk lehenago idatzi zuen Lauaxetak Mendigoxaliarena olerki ederra, gerora ezagun bihurtu den oihu poetikoa jasotzen duena: Dana emon biar Yako matte dan azkatasunari. Palestinarrak ari dira dena ematen, baina genozidek bazkide eta lagun asko dituzte; eta, tamalez, batzuk gertukoak dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak