Katalanak bide-erakusle?

Erabiltzailearen aurpegia Estepan Plazaola 2023ko ira. 22a, 07:46

Uztaileko hauteskundeen ondoren sortutako egoerak hizkuntza gutxituen gaia pil-pilean jarri du. Diputatuen Kongresuko mahaia eratzeko negoziazioen barruan, katalanen exijentziaren eraginez, Espainiako Gobernuak euskara, galiziera eta katalana Europako Batasuneko hizkuntza ofizialtzat hartzeko eskaria egin zuen, eta, horretaz gain, Diputatuen Kongresuko presidente berriak Kongresuan bertan ere estatuko hizkuntza koofizialak erabili ahalko zirela hitz eman zuen.

Idatzi honek argia ikusten duenerako jakingo dugu zer gertatu den, baina, emaitzak emaitza, nabarmentzekoa da politikari katalanen eta euskaldunen arteko alde itzela.

Lehenengo eta behin, planteamendu politikoaren aldetik; hau da, negoziazioaren lehen puntutzat hizkuntza bera jarri izana. Bizpahiru aste lehenago itxi ziren Nafarroan gobernua eratzeko negoziazioak, Euskalgintzaren Kontseiluaren arabera, euskararen ikuspegitik "objektiboki atzerapausoa" ekarri zuena.

Eta, bigarrenik, praxiaren aldetik. Egoera politiko berriak Puigdemont jarri du erdigunean. Youtubez eskainitako agerraldi batean, berak eman zuen Bruselatik Juntsek negoziazioetarako jarriko dituen baldintzen berri. Katalanez eta ingelesez. Eta berarekin elkarrizketatzera joan zaizkio hainbat politikari; tartean, Andoni Ortuzar. Eta Twitterren eman du horren berri, katalanez; eta Ortuzarrek erantzun, gaztelaniaz. Eta norbaitek esango dit: "Katalana edozeinek ulertzen du; euskara ez". Ez Puigdemontek eta ez beste inork ez luke izango, Twiterreko itzultzailea erabilita, euskarazko mezu sinple bat ulertzeko inolako zailtasunik. Eta, ziurrenik, Puigdemontek berak baloratu egingo zukeen erantzuna euskaraz jaso izana. Ortuzar aipatu dut, baina gainontzeko euskal politikariek ere berdintsu jokatzen dute. Balioko al du oraingo egoerak euskara erdirago ekar dezaten? Hartuko ote dituzte katalanak bide-erakusle eta bide-lagun?

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak