Arigune bila

Erabiltzailearen aurpegia Estepan Plazaola 2022ko abe. 2a, 00:00

Ahotsak-en kontatzen du Uberako Agirregoiko Luis Aranzabalek berak Donostian egin zuela soldaduska eta, behinola, lagun-taldeko batek proposatu zuela, ikaste aldera, euren artean erdaraz egitea, baina, taldeko denak euskaldunak zirenez, ezin izaten zutela, ez zitzaiela erdararik irteten. 

Orain 80 urteko kontuak dira, 40ko hamarkada hasierakoak. Orduan eta dezentez lehenagotik, Araban aurkitzen zuten arigunea Bergarako baserrietatik erdara ikastera morroi joaten ziren mutiko askok. Bergararren %42 landa-auzoetan bizi zen garai hartan eta han hainbat ziren erdaraz oso gutxi edo ezer ez zekitenak, eta, ondorioz, gaztelaniaz ikasteko presioa eta beharra sentitzen zutenak.

Ordurako kalean erdarak koxkatxoa jana zion euskarari eta galera izugarri bizkortu zen frankismoan. Luze joko luke prozesu horren arrazoiak azaltzeak, baina bada datu aipagarri bat, Siadecok 1977an egindako ikerketa soziolinguistikoan jaso zuena: eskola estataleko Gipuzkoako irakasleen %8k baino ez zekien euskaraz. Euskal Herri osoa hartuta, ez ziren %5era iristen. 

Hil ala biziko krisi egoera hartan sortu ziren kultur mugimenduak, gaueskolak, ikastolak… Garai ilun hartan izan zen belaunaldi bat arriskuak hartu, euskararen alde apustu egin eta galbidean zegoen hizkuntza gora bidean jarri zuena. 

Bergaran egin zen kaleko erabileraren lehenengo neurketan, 1983koan, 15-24 urte bitarteko gazteen erabilera %10ekoa izan zen eta 14 urtez azpikoena, berriz, %48koa. Ikastolek eta eskolek eragindako biziberritzea abiatua zen.

Gaur egun, gazteen erabilera %40-%45 inguruan dabil, baina horrek ez du esan nahi euskara arriskutik kanpo dagoenik. Une honetan euskarak ez du bera nagusi den arigune sare trinkorik; ezta landa-lurrean ere. Eta hori gabe, jai du. Izango gara sare hori josteko gai? 60-70eko hamarkadako belaunaldiari omen egiteko modurik egokiena litzateke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak