Betikoen mauka

Erabiltzailearen aurpegia Estepan Plazaola 2022ko ots. 4a, 00:00

Laster beteko dira bi urte gurean ofizialki pandemian sartu ginela. Bat-batean, etxean sartu gintuzten eta telelana eta bilera telematikoak ezagutu genituen. Eta elkarlaguntza antolatzeko unea izan zen. Gure herrian 200 lagunetik gora murgildu ziren Bergara Zaintzen babes-sarean halako edo holako lanetan: etxean bakarturik ziren herritar edadetuei era guztietako mandatuak egiten, etxean nork lagundu ez zuten umeei etxeko lanetan laguntzen, euskara praktikatzeko mintzalaguntza eskaintzen… Balkoiak eta leihoak musikaz eta eskertza-txaloz bete ziren, aldi batez.

Orduan ere orrialde hauetan idaztea egokitu zitzaidan eta hau idatzi nuen: "Gauza asko aldatu dizkigu bat-batean koronabirusak eta aldaketa horietako asko betiko geratuko dira. Aldaketak ekarriko ditu harremantze-moduetan, lan-sistemetan, irakaskuntza-metodoetan... Baina gu geu zertan aldatuko gaitu? Nolakoak izango gara honen ondoren? Solidarioagoak, enpatikoagoak ala lehendik garena baino geurekoiagoak?".

Hedatu da, bai, telelana, ugaritu telebilerak, orokortu telekontsultak. Aldatu da mundua bi urteotan, baina ez, hain zuzen ere, gizarte justu eta orekatuagoa eraikitzeko norabidean. Pandemiak lehengo arrakalak handitzea baino ez du ekarri.

Oxfam Intermon gobernuz kanpoko erakundeak Berdintasun ezak hil egiten gaitu leloa daraman ikerketa argitaratu berri du, eta bertan salatu du munduko hamar gizon aberatsenen ondasuna bikoiztu egin dela azken bi urteetan, eta, bitartean, munduko biztanleen %99ren diru-sarrerak gutxitu egin direla.

Aldi berean, pandemiak gizarte nahaspila, mesfidantza, beldurra eta noraeza ekarri ditu, eta bistan da batzuei ondo etorri zaiela. Gotzon Garateren atsotitzen liburuan dator honako hau: Zikina, ustela eta kaka, kakalardoen mauka. Zalantzarik barik, kasu honetan, kakalardoen mauka horren ordez jar genezake betikoen mauka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak