Justizia araugilea

Erabiltzailearen aurpegia Estepan Plazaola 2021ko mai. 21a, 00:00

Hogeita hamar urte pasa dira jada EAEko administrazioan lehenengo aldiz hizkuntza eskakizunak ezarri zirenetik. 1989ko dekretu batek finkatu zituen horretarako jarraibide nagusiak: lau maila izango zirela, herri bakoitzeko hizkuntza gaitasunaren arabera finkatuko zela euskara jakitea derrigorrezko izango zuten lanpostuen ehunekoa, euskara jakitea derrigorrezko ez zen kasuetan euskara baloratu egingo zela, eta abar.

Haren ondotik, berehala etorri ziren administrazio bakoitzeko lehenengo euskara planak, eta bertan finkatu ziren lanpostu bakoitzaren hizkuntza eskakizunak. Eta handik aurrera lanpostu batzuk betetzeko euskaraz jakitea eskatu izan da, eta beste batzuk betetzeko baloratu. Dekretuak berak markatzen du derrigortasuna jartzerakoan lehentasuna izango dutela herritarrei zerbitzua ematen dieten lanpostuek.

Orduan finkatutako markoa izan da 30 urteotan guztion erreferentzia. Guztiona, orain arte. Orain, EAEko Auzitegi Nagusiak bere arau eta irizpide propioak sortu dizkigu. Harentzat ez dago dekreturik. Hizkuntza eskakizunen dekretua aipatu gabe eman du Irungo Udalak hamabi udaltzain plaza betetzeko egin duen deialdiaren gaineko epaia. Bere iritziz, gehiegizkoa da denek euskaraz jakitea eskatzea; erdiei eskatuta nahikoa litzateke euskaldunei zerbitzua emateko: udaltzain bikotean batek jakinda, nahiko; erdaraz biek, baina euskaraz batek jakinda nahiko. Eta hori esan du, hizkuntza eskakizunen dekreturik aipatu ere egin gabe.

Orduan, zertarako balio dute legeek eta dekretuek? Zertarako aukeratzen ditugu legeak eta dekretuak egingo dituzten andre-gizonak? Zertarako balio du Legebiltzarrean edo udalbatzarretan ahalik eta kontsentsurik handieneko legeak eta planak sortzen ahalegintzeak?

Zer aukera dugu jada euskaldunok legea euren alde izatea ere ez badute behar nahi dutena egiteko?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak