Txakurrak eta artzainak

Erabiltzailearen aurpegia Estepan Plazaola 2020ko ira. 4a, 00:00

Abuztua eta iraila ardi-txakur lehiaketen garaia izan ohi da urtero. Lehenengo, herrialdeetako txapelketak; gero, Euskal Herrikoa; eta, azkenik, Oñatikoa, nazioartekoa, artzainentzat preziatuena. Tartean, baita erakustaldi mordoxka ere, han-hemenka.

1955ean jokatu zen Oñatin Euskal Herriko lehenengo txapelketa. Aurretik, 1948an, Katalunian, Ribes de Freserren, hasiak ziren halako txapelketak antolatzen, eta handik ekarri zuten oñatiarrek eredua.

Orduko egunkariek dakartenez, 5.000-6.000 ikusle inguru izan ei ziren lehenengo urtean eta 10.000-12.000 inguru bigarrenean. "400 auto eta 600 motor eta autobus" (sic) kontatu ei ziren bigarren urte hartan. Egunkarietako lehenengo orrialdeetan etortzen zen Oñatiko txapelketaren berri. Beste gauza asko bezala, hori ere aldatu da ordutik hona.

Kataluniatik ekarri ziren txapelketak eta herrialde katalanekiko lotura handia da gaur egun ere. Hango 8-10 bat lehiaketatara joaten dira gure txakurrak. Emaitza onak lortzen dituzte bertan, eta oso estimatuak dira. Katalanak ere etortzen dira Oñatira, baina handik ez dute bertako arrazako txakurrik, Gos d’Aturarik, ekartzen.

Orain dela urte mordoxka bat, arraza jakin batzuk hedatzen hasi ziren eta horrek tokian tokiko arrazak atzentzea ekarri zuen. Katalunian, Galizian… bertako ardi-txakur arrazak ez dira praktikan ardi-lanetarako erabiltzen. Eta badute horren penarik.

Gurean oraindik baditugu ardietarako sena duten bertako txakurrak, mendeetan gure artzainen lagun eta lankide onenak izan direnak, eta gaur ere hala izaten jarraitzen dutenak, baina ez daude arriskutik salbu. Eta gure ondare bat dira.

Aurten ez da ez txapelketarik ez erakustaldirik izango, baina merezi du gure txakurrez eta gure artzainez gogoratzea. Zain ditzagun gure txakurrak eta bultza dezagun artzaintza: eros ditzagun gure artzainen produktuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak