Itzultzaile automatikoek euskaraz lasai sortzeko aukera eskainiko digute, irakurleak ulertuko duen edo ez pentsatzen hasi beharrik gabe. Elkarteetan, Whatsapp taldeetan, administrazioan… euskaraz jarduteko aukera, jakinik euskaraz ulertzen ez duenak ere izango duela, nahi badu, bidea edukiaz jabetzeko.
Baina paradoxikoa badirudi ere, inoiz baino aukera gehiago izango da gaztelaniaz sortu eta euskaratzearen ardura itzultzaile automatikoaren esku uzteko ere.
Neuronalak deitzen zaie itzultzaile berrioi gure garuneko neuronen funtzionamendua emulatzen dutelako. Aplikazioei urte luzetan egindako itzulpenak ematen zaizkie eta sistemak horiek aztertu eta ikasi egiten du. Zenbat eta gehiago elikatzen eta entrenatzen ditugun, orduan eta emaitza hobea.
Zorioneko gara itzultzaile neuronalak izateaz, baina ez dezagun ahaztu horiek, betiere, lagungarri izango direla, eta oinarrizkoa gutariko bakoitzaren neurona sareak euskaraz elikatzea eta entrenatzea dela.
Gabon hauetan Debagoieneko idazleren batek idatzitako euskarazko liburu bat irakurtzea izan liteke entrenamendu modu polit bat