Beste gauza batzuetan bezala, artzaintzan ere aldatu dira majo gauzak. Sasoi batean, zortzi artzain izaten omen ziren Degurixan; gaur, jada ez da mendi artzainik bertan. Eta beste toki batzuetan ere antzera.
Joan zen urtean estreinatu zen Los últimos pastores de Sierra Salvada dokumentala, Urduña aldeko mendi hartako azken artzainen lekukotza jasotzen duena. Aurtengo udazkenean estreinatuko da Gorbeiako artzainei zuzendutako antzeko beste dokumental bat.
Beretzat Degurixa paradisua izan dela zioen Joxe Bixentek, baina etorkizun zaila ikusten zion artzaintzari. Baina badira, hala ere, artzaintzaren bidea egitea erabakitzen duten gazteak. Berrehun bat lagun igaro dira Arantzazuko artzain eskolatik, zabaldu zenez geroztik. Horietatik erdia inguru murgildu omen da sektorean.
Euretariko bat da Aritz Ganboa artzain nafarra. Bera ere dokumental batean murgildua dabil, Bideak izeneko dokumentalean. Baina berea artzaintza etorkizuneko lanbide gisa aldarrikatzeko dokumentala izango da; kultura, ingurumen, paisaia, ekonomia, historia, gastronomia… aldetik dituen balioak indarrean jartzekoa. Eta egin ere modu berezi batean egingo du: urri honetan Arruazun Idiazabal jatorri izeneko gazta egin, eta mendian zehar lasterka, etapa bakar batean, Izabaraino eramango du, bertako artzain batek eginiko Erronkari sor-markako gazta batekin elkartzeko. Lelo itxaropentsu batekin: Izan zirelako gara eta garelako izango dira. Baina mezu garbi batekin: "Istorio hau ez da nirea soilik, guztiona da".