Ezin errezeta hoberik proposatu.
Euskararen alde gauza asko egin litezke, baina ez dago hori baino oinarrizkoagorik: hitz egin. Hori gabe, jai du edozein hizkuntzak.
Eta horixe proposatu digu Euskaraldiak: egin euskaraz eta eskatu besteei euskaraz egiteko. Utzi lotsak, konplexuak eta aurreiritziak eta egin euskaraz. Alboratu nagiak eta aitzakiak eta jardun euskaraz. Hain sinplea eta aldi berean hain nekeza gertatzen zaiguna. Eta hori bultzatzen jardun dugu euskara teknikariok aurtengo urtean buru-belarri.
Hamaika eguneko ariketa da Euskaraldia, eguneroko lasterketarako entrenamendua. Bergaran 3.400 herritarrek eman dute ariketan parte hartzeko izena: 2.800 Ahobizi-k eta 600 Belarriprest-ek. Izena emateko aukera zutenen %35 inguruk. Adin-tarte batzuetan, izena emateko aukera zutenen erdiak baino gehiagok. Kopuru aldetik, espero izandakoa baino nabarmen emaitza hobea.
Baliteke, hala ere, guk nahi beste txapa kalean ez ikustea. Neguko jantzi-aldaketa ugariek, txapa zenbait jantzitan jartzeko zailtasunak… ikusgarritasuna kendu diote ekintzari. Txapa asko dabiltza txaketa eta txamarra azpietan gorderik.
Baina txapa Euskaraldian bide da, eta ez helburu, eta bagenuen hasieran horrekin lotuta beldur bat: jende asko "txapa bistan eta euskara ezkutuan" ibiliko ez ote zen. Eta esango nuke alde horretatik balorazioa guztiz positiboa izaten ari dela: milaka lagunek, baita Euskaraldian apuntatu ez diren askok ere, entrenamendua serio hartu dutela. Euskaraldiak aspaldi ez bezalako ilusioa eta gogoa piztu duela herritarrongan, aspaldi ez bezalako inplikazioa enpresetan, elkarteetan, eskoletan, dendarietan…
Horregatik, eskerrik asko, Belarriprest; eskerrik asko, Ahobizi.