Baina Euskal Herriko populazioaren %10 hartzen duen lurgune hori behin baino gehiagotan izan dugu, azkenaldian, gure hedabideetako programa eta orrialde nagusietan ere.
Parte-hartze eta bozketa-prozesu luze baten ondoren, orain dela urtebete, 2017ko urtarrilaren 23an, sortu zen Euskal Herri Elkargoa, Iparralde osoa hartzen duen egitura administratiboa.
Hilabete lehenago izan zen Luhusoko bake-artisauen lehenengo ekintza eta euren atxiloketa.
Iparraldeko gizartea bat eginik atera zen kalera atxilotuak askatzearen alde eta handik lau hilabetera ETAren armagabetzea etorri zen; inoiz inon gertatu gabeko moduan. Orain, presoen gerturatzea.
Baina Iparraldean badira hainbesteko oihartzunik ez duten beste hainbat proiektu ere.
Bost urte egin berri ditu Euskoa moneta sozialak eta une honetan Europako bi-hiru moneta sozial nagusien artean dago.
Gero eta indartsuago da, eta horren adibide, Baionako Udalak hartutako erabakia: ordainketa batzuk euskotan egitea eta Udalak eskaintzen dituen zenbait zerbitzu ordaintzeko ere euskoa onartzea.
Gainera, dagoeneko, ordainketak txartel bidez ere egin daitezke euskotan.
Herri eragileen bultzadaz, abian da Etxauzia proiektua ere: Baigorriko Etxauzia gaztelua erosi eta herriaren zerbitzura jartzea helburu duen proiektua. Lau ardatz dituen egitasmoa: eskualdeko ekonomia sustatzea, kultura garatzea, ondarea berreskuratu eta interpretatzea eta Euskal Herri eta mundu osoko euskaldunon bilgune izatea.
Iparraldetik datorkigun proiektu guztiz interesgarria, Hegoaldekoon bultzada ere behar duena. Lagun dezagun Etxauzia gure ekarpena eginez. www.etxauzia.eus.