Pintxo bat jan eta trago bat hartzeko asmoarekin sartu naiz.
Barra barruan emakume bat, 25-30 urte ingurukoa; kanpoan beste bi, bere lagunak, itxuraz.
Tortilla pintxoa seinalatu eta "zerena da?", galdetu diot.
Zerbitzaria isilik geratu da niri begira, seguruena, erdaraz galdetzea eskatuaz baina mutu. "Zerena da?", errepikatu dut. "¿Qué?", berak. "¿A ver de qué es?". "De atún y pimiento", erantzun dit. "Jarridazu... ponme...", esan diot.
Zerbitzaria lagunei zuzendu zaie, baina nik ere entzuteko moduan: "Yo euskera no, no entra en mi contrato" Niri, gero: "¿Te caliento?". "Bai", erantzun diot. Zerbitzaria, berriz, begiak handi, niri begira; lagunek albotik, "que sí". "No si ya sé, pero a mí en euskera no. Además no pienso aprender”.
Ordurako mikrouhin-labean zuen pintxoa. "Déjalo", esan diot. "No pasa nada", esan dit.
Alboko taberna batera joan naiz.
Hango zerbitzariak ere gutxi zekien euskaraz baina arazorik gabe moldatu gara.
Hainbestekorik ez, baina praktikan antzekoak entzun izan ditugu eta entzuten ditugu Bergaran ere: "Euskaraz jartzeko ez dugu astirik izan", "eske euskarazkoa jartzeko ez dago lekurik", "euskaraz zertarako?, erdaraz danok dakigu eta"…
Baina, horiek, zorionez, gutxi batzuk dira.
Gehien-gehienak adibide positiboak dira eta horiek nabarmendu nahi ditut.
Jardunek, udalaren laguntzaz, bultzatutako Idazlaguna programaren barruan, Bergarako 120 komertziok konpromisoa hartu dute euren kartelak euskaraz edo euskaraz nagusiki jartzeko.
Euskaraz edo euskaraz nagusiki, bai; izan ere, Hizkuntza batek, garatuko bada, bera nagusi den esparruak behar ditu (Eusko Jaurlaritza, Euskara XXI, 2009).
Euskaraz edo euskaraz nagusiki: txorizo-tortilla, %20ko beherapenak, mugurdi-biskuita/biscuit de frambuesas…
Baina 120 komertzio horiez gain, beste 60 herritar boluntario (idazlagunak) prest agertu dira eskatzen duten dendei kartelok euskaraz jartzen laguntzeko.
Bezero guztion lana da Idazlaguna programako komertzioei hartutako konpromisoa bete dezaten eskatzea eta betetzen dutenak eskertzea eta animatzea.
Bezero guztion lana da erosten dugun dendako jabeari esatea erosketetan ere euskara inporta zaigula.
Horretarako, kanpaina antolatu du Jardunek.
Har dezagun parte.
----------
Estepan Plazaola
Bergara