1989ko otsailaren 20an Espainiako Estatuan 57 gazte aurkeztu ziren euren lurraldeko gobernu militarretan soldadutzara joateari uko egin ziotela adierazteko. Hura izan zen intsumisioari hasiera eman zion lehen ekintza kolektiboa. Mugimendu hark indar berezia hartu zuen Euskal Herrian. Estatuan 25.000 gazte deklaratu ziren intsumiso; 10.000 euskal herritarrak ziren. Milaka gazte auzipetu zituzten eta hasieran haietako askori kartzela zigorra aplikatu zitzaien. Gerora inhabilitazioa aplikatzen hasi ziren. Baina hala ere, ez zuten lortu elur pilota hura gelditzerik eta pertsonen desobedientziatik erakundeen desobedientziara pasatu zen: 1997an EHUk eta Donostiako Udalak uko egin zioten inhabilitazioak aplikatzeari…
Azkenean, 2001eko urte amaieran kendu zuten derrigorrezko soldadutza eta 2002an 4.000 intsumisori amnistia eman zieten.
Borroka baketsu, koloretsu eta irudimentsu batek ekarri zuen garaipen handia izan zen, baina, seguruena, baita sufrimendu pertsonal asko ekarri zuena ere.
Gaur egun ere desobedientzia hotsak entzuten dira gure inguruan. LOMCE aplikatzeari uko egiteko gida osatu dute Euskal Herriko hainbat hezkuntza eragilek, tartean sindikatu nagusiek. Katalunian, berriz, gurasoen elkarteen federazioak abiatu du antzeko mugimendu bat eta, beste batzuen artean, ikastetxe intsumisoen sarea osatzea proposatzen du.
Soldadutzaren aurkako mugimendua gazte gutxi batzuen ekimenez abiatu zen eta apurka-apurka gizarte eragileen atxikimendua lortzen joan zen. LOMCEren aurkako hau, lehenengo begiratu batean, askoz babes handiagoarekin abiatzen da. Lortuko du, hark bezala, Madrilek sorrarazten duen beldurra eta mehatxua gainditzea eta hura bezain arrakastatsu izatea?