Sanferminak: entzierroak, peñak, musika, jan-edana, errituak...
Iritsiaz batera, goizean, ume eta guraso ilara luzea San Fermini lore-eskaintza egiteko. Haruntzatxoago, maiatz amaieran zabaltzen omen den eta Sanferminen etorrera iragartzen omen duen Caritasen tonbola erraldoia: 20 lagun urte osoan zehar lanean, ehundik gora boluntario, 500.000 sari, tartean, autoak, ordenagailuak, bidaiak...
Arratsaldean peñen desfilea zezen-plazara. Plazako sarrera batean plakak honelako zerbait dio: Hemengo jaialdietatik ateratzen den dirua Iruñeko Erruki-Etxerako erabiltzen da. Bertan une honetan 500 pertsona atenditzen dira.
Egun osoan zehar, han-hemenka, ehunka kale-saltzaile, eskale... Tartean udaltzainen beldurrez postua jarri eta kendu dabiltzan mutil beltz gazteak edo lurrean jarrita karteltxoa aurrean duten gizonezko zein emakumezko adin guztietakoak: Ez dut lanik, hiru seme-alaba ditut, lagundu mesedez...
Udal bateko gizarte laguntzailea den lagun batek esan izan dit bera ez dela kaleko eskaleei dirua ematearen aldeko: eskean bizitzera ohitzea dakarrela, arazoa ezkutatu egiten duela, dagokien erakundeetara joan behar dutela...
Hotzean pentsatuta, seguruena arrazoia du nire lagunak. Bankuek, multinazionalek... agintzen duten mundu batetik mundu justuago batera igarotzea da irtenbidea, nazio eta pertsona hiperaberatsik eta superpobrerik izango ez den mundu bat eraikitzea... Baina, hala ere, aitortu behar dizuet halako eskari baten ondoren, zenbaitetan, baietza zein ezetza eman, minutu batzuetarako buruhaustea geratzen zaidala.
Errukia hitza ez zait batere gustatzen, baina Laboaren ahotan Bertold Brechten poemak dioen moduan: Mundua ez da era hortan aldatzen, gizonen hartu-emanak ez dira hobekitzen, zamaroa ez da hola laburtzen, bainan batzuek gau batez ohia dute...