Kanpotar gutxi izan ei da, baina herrikoak murgildu dira jai-giroan. Zortziehun lagun herri bazkarian eta milarentzako tokia eskaini balitz ere, hor nonbait beteko ei zen.
Jaiak: barrakak, musika… eta zezenak. Zezenak, bigantxak, poneyak… Urte mordoxka dira Frankismo ostean Bergarara jaietara zezen-plaza eta zezenak ekartzen hasi zirela. Ez zuen ekimenak sektore baten aldetik oso harrera ona izaten. Urteen joanean jaialdia bera ere birmoldatzen joan delako edo dena delakoagatik gaur egun zezen-plaza Pazkoetako jai-gune nagusietakoa bihurtu da. Zezen-plaza da ume, gazte zein nagusi askoren goizeko lehen biltokia. Ez dira gutxi goizeko 4rak arte parrandan pasa ondoren goizero esnatu eta zezen-plazara joaten direnak.
Gainera, zezenak krisian ei dauden garai honetan herrian bertan sortu da ganadutegia. Labadorak bakarrik ez; zezenak ere esportatzen dira Bergaratik.
Baina ez da dena jai gure inguruan. Uste dut ez duela behar besteko oihartzunik izan gure inguruan Fagor taldeak soldatak %5 eta %9 artean murrizteko hartu duen erabakiak. Hedabideetan agertu da albistea, baina ez dut nik kalean komentario askorik entzun. Lehenago ere onartu izan dituzte Fagorreko langileek murrizketak: 2008an aparteko paga bati uko egitea erabaki zuten eta 2009an %8ko murrizketa onartu zuten. Aipagarria da, gainera, oraingoan, erabakiak orduan baino dezentez adostasun zabalagoa izan duela.
Bergarako enpresa txiki bateko jabeetako batek haserre esan zidan behin sindikatuek multinazional handien aurrean indarrik ez eta herriko enpresariak estutzen zituztela ito arte. Gure enpresariak arrazoi izan edo ez, ez daukagu bailaran zorte makala Fagorren etorkizunaren erabakia Koreako edo Alemaniako bulego batean hartu ordez bailarako antzoki edo pilotaleku bateko batzarrean hartzearekin.