Mikrofono aurrean hiru emakume eta bi gizonezko. Orain dela urte askotako jendetzarik ez, baina sarrera polita: frontoiaren beheko harmailak itxuratuta.
Detaile batek sortu dit harridura eta poza: zenbat emakumezko eta, batez ere, zenbat neska gazte dagoen. Urteetan ohituta egon gara beste era bateko panorama ikustera: bertso txapelketetan gazteak pankarta eta guzti eta urtean zeharreko jaialdietan edadeko kaskazuriak nagusi.
Berrogei urte izango dira laster Almenen lehenengo bertso eskola sortu zela. Ehun eta hogei umetik gora izan ziren eskola hartan. Bertatik sortu zen lehenengo emakume bertsolari txapelduna ere. Hala da, bai. Arantzazu Loidi izan zen 1985ean Euskal Herriko Eskola arteko Bertsolari Txapelketako irabazlea.
Gaur egun ehundik gora herritan daude bertso-eskolak eta 1.600 inguru gazte eta heldu dabiltza eskolotan. Gure bailaran, aldiz, hasierako bizi-indarra apalduta egon dira urteetan bertso eskolak. Baina uste dut egon gaitezkeela bertsoaren loraldi berri baten atarian: aramaiarrak indartsu dabiltza Arabako txapelketetan, bai umeetan eta baita nagusietan ere; beste herri batzuetan gaztetxeen inguruan sortu dira bertso-eskola berriak…
Bertsolaritza lehiaketa-molde herrikoiagoak planteatzen ari da azkenaldian. Araban, adibidez, bukatu berri da orain arte inoiz egin den koadrila arteko txapelketa parte-hartzaileena: bakarka izan ordez lagun artean, txapelketa nagusietan parte hartzen duten bertsolariak bat-batean egitera ausartzen ez, baina bertso jarriak dotore moldatzen dituztenekin batera...
Zergatik ez Debarroan bertan halako zerbait? Debarroa eta Araba antzekoak izango dira biztanlez, biztanle euskaldunez… Zuk ere parte hartuko zenukeela? Hasi entrenatzen. Gaur egun badira bertso-eskola digitalak ere.