"Eskua"

Erabiltzailearen aurpegia Estepan Plazaola 2012ko ots. 24a, 01:00

Gustatzen zait futbola ikustea.

Umetan sutsuagoa nintzen, baina gaur egun ere telebistan sarri samar ikusten dut eta tarteka, oso noizbehinka, joan izan naiz zuzenean ikustera ere. Eta joan ohi diren gehienei gertatuko zaien bezala, batzuetan gozatzea eta beste batzuetan sufritzea egokitu zait.

Atotxan nintzen 1976ko abenduaren 5eko partidu mitiko hartan, Iribarrek eta Kortabarriak ikurrina atera zutenean eta Errealak Athletici 5-0 irabazi zionean. Oraindik gogoan daukat Satrusek area ertzetik buruarekin sartu zuen gol bikaina.

Baina tokatu zait ez dakit sufritzea beste, baina bai deseroso sentitzea, lotsa sentitzea… Ez zait ahaztuko orain dela 20 bat urte, Boronat entrenatzaile zela, nola atera zuen Uria aulkitxotik eta, bestelako deliturik barik, gure alboko bakarren batzuk hasi zitzaizkion jokalari gaixoari hijoputaka…

Horregatik izan zait pozgarri Aretxabaletako Kirol Elkarteak martxan jarri duen Eskua proiektua ezagutzea. Sinesten dudalako kirolak ikaragarrizko indarra izan dezakeela bai txarrerako eta bai onerako. Kirola izan daitekeela indartsuena goraipatu eta ahulena mesprezatzeko, baina izan daitekeela apalenei lagundu eta desberdintasunak murrizteko ere, izan daitekeela lehiakideen arteko gorrotoa pizteko edo adiskidetasunak indartzeko, izan daitekeela pertsonaren sentimendurik ankerrenak azaleratzeko edo giza baloreetan hezteko.

Aretxabaletan bigarrenaren aldeko hautu garbia egin dute. Ulertu dute ezin direla euren ikasgai bakarrak prestakuntza taktikoa, teknikoa eta fisikoa izan. Ulertu dute horiekin batera landu behar direla pertsonen heziketa emozionala, besteekiko begirunea, elikadura osasuntsua, herri honetako hizkuntzarekiko atxikimendua, ingurumenarekiko errespetua...  Eta helburu horrekin lanean jarri dira ume, gazte eta nagusi... Ibilbide arrakastatsua opa diet. Aupa, UDA!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak