9 urte pasako ibilbidea egin ondoren, Nafarroan sortu eta Nafarroan argitaratzen zen euskarazko kultura aldizkariak Nafarroa utzi beharra zuela adierazi zuen, hango Gobernuak laguntza guztiz murriztu ziolako: 0 euro. Hala ere, pozik ziren, neurri batean, Bilbo aldean jarraibidea izango zutela eta. Baina hamar urte bete berritan esan digu agur. Bizileku berrian ez omen du Nafarroako agintariena bezalako mesprezurik jaso, baina ezta aparteko maitasunik ere.
Nafarroako Gobernuak 3 milioi euro eman zituen iaz gaztelaniazko hiru telebistarentzat; 2012an, 2,5 milioi emango ditu. Euskarazko hedabide guztiei garairik onenean 300.000 eman zien; 2012an 0 euro izango dira. Hedabideen diru-iturri nagusia publizitatea izan ohi da. Euskarazko hedabideek nafar erakundeen publizitatearen %1 jasotzen dute. Egoera horretan hango euskarazko hedabideak desagertzen ari dira.
Baina, Nafarroan ez ezik, Gasteizen, Urola-Kostan edo Busturialdean ere badira laguntza eskasiaz desagertu diren edo kinka larrian dauden euskarazko hedabideak. Eta horietan ez da UPN agintean.
2012an Nafarroaren Konkistaren 500. urteurrena izango da. Dozenaka ekitaldi izango dira han-hemenka orduko memoria gurera ekartzeko, Amaiurko gaztelua defendatu zuten gudariak ohoratzeko. Egin beharrekoa da, baina ohoratze-modu eskasa izango litzateke, bitartean, herri honen nortasunaren gaur egungo gazteluak erortzen uzten baditugu. Gandiagaren hitzak dira:
Hemen euskaldun izatea bezalako gudaririk ez dago.
Hemen euskaraz irakurri eta euskaraz idaztea bezalako iraultzailerik ez dago.
Hemen euskara indartzea bezalako indar politikorik ez dago.
Hemen ez dago euskara adinako desafiorik inperio zurrupariaren aurka.
Hemen ez dago euskara adinako askatasunaren aldeko itxarobiderik.
Ea 2012an ez zaigun beste gaztelurik erortzen eta ditugunak indartzen ditugun.