Zalantzarik barik, euskararentzako eskola irabaztea izan da azkeneko hamarkadetan izan den gertakaririk nagusienetakoa. Familia eta eskola dira hizkuntzaren transmisioaren zutabe nagusiak. Eta gaur egun, zorionez, eskola eredu guztietan euskaraz jardutea arrunta bada ere, ezin da ahaztu garai batean zenbait jendek oso une zailetan izan zuten protagonismoa.
Nabarmentzekoa da, lehenik eta behin, zenbait gurasok izan zuten ausardia, beren seme-alabentzat inolako lege babesik ez zuen proiektu bat hautatzeko; askotan, gainera, gainontzeko gurasoengandik beren umeen heziketarekin jolasean zihardutela entzunez.
Nabarmentzekoa orduko irakasleek izan zuten konpromisoa, ikastolak ez baitziren euskarazko eskolak bakarrik izan, pedagogia arloan ere aitzindari izan baitziren, nahiz eta oso baliabide gutxirekin jardun. Gerra osteko lehenengo ezkutuko ikastolak andereñoen (emakumeak izan baitziren hasierako guztiak) etxeetan sortu ziren.
Eta nabarmentzekoa, era berean, mugimendu hori bultzatzen jardun zuten zenbait euskaltzaleren lana. Horietan aipagarria da, besteak beste, debagoiendar bat: Jesus Atxa aretxabaletarra, Bizkaiko eta Nafarroako hainbat ikastolaren sorreran buru-belarri ibili zena. Ez dakit nik gaur ikastoletan bertan ere irakasten zaien ikasleei euren historia. Pentsatzen dut eskaini beharko litzaiokeela tartetxo bat.
Zuberotarrak izan ditugu berrikitan Bergaran. Han, ordea, familiarik gabe geratzen ari da euskara eta eskolan bidea urratu ezinik: aita-amak euskaldun peto-petoak eta seme-alabak euskaraz jakin ez, eskolan ume gehien-gehienak frantses hutsez ikasten...
Baina Mauleko alkateak dioenez, "Zuberoan lehen problema bizitzea da". Larrainek orain dela 150 urte 1.300 bizilagun omen zituen; gaur 200 pasatxo.