"Udalekuak"

Erabiltzailearen aurpegia Estepan Plazaola 2011ko uzt. 8a, 02:00

Hamasei urte bete berritan joan nintzen begirale Euskal Udalekuetara Antzinera, Lizarratik gertu dagoen herri txiki batera.

Han 5 urte egin ondoren, Urdirotzera joan ginen, Agoitz eta Auritz artean, Itoizko urtegitik gertu, dagoen herri huts batera. Han beste 20 urte inguru: lehenengoak, begirale; hurrengoak, sukaldean laguntzen edo mantenu lanetan.

Gaur egun bada udalekuetan non aukeratu: bertso udalekuak, kirol udalekuak, udaleku musikalak, zientzia udalekuak, udaleku teknologikoak, multiabenturazko kanpamenduak… Garai hartan ez zegoen halako ugaritasunik, baina orduan ere baziren luxuzko instalazio-eskaintza zutenak: bi frontoi, futbol zelai "reglamentarioa", igerilekuak… Ez zegoen gurean halakorik: belaunetarainoko ura zekarren erreka zen gure igeri- eta dutxa-leku ohikoena; papar parerainoko sakonera zuen putzu bat genuen "piszina olinpiko", etxe aurrean zegoen zelai txiki bat futbol zelai eta urruntxoagoko beste bat "beisbol-zelai"; etxean argia eguneko ordu jakin batzuetan izaten genuen eta ura ere ez beti nahi adina. 100-110 lagun inguru 15-18 egunez baserri zahar birmoldatuan. Bertan bizi izan nituen nire bizitzako oporraldirik onenak. Han ezagutu nuen egun euskal kultur munduan ezaguna den hainbat jende, han ezagutu nituen bizi guztirako lagun ditudan hainbat, han ezagutu nuen… Bergarara ekarri ninduen neska.

Jolasa, sormena, harremana, lagun-giroa… genuen, besterik barik, eguneko jardunaren ardatz. Gauetan... goian zeru izarratua eta behean sua: kantua eta kontua, jaia eta dantza. Oraindik badira gisa horretara jarraitzen duten udalekuak: Euskal Udalekuek Goñi, Abaigar eta Bernedon jarraitzen dute; bailarako euskara elkarteek ere antolatzen dituzte eta beste elkarte asko dira ildo berari jarraitzen diotenak. Sofistikazio eta baliabide handiagokoen artean antolakuntza xumeagoak sona galtzen ari diren honetan horien balioa errebindikatu nahi nuke. Izan ere, Tapia eta Leturiak dioten bezala: Ongi dibertitzeko... aski dira bi esku, eta hiru pezta...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak