Estepan Plazaola: "UEMA eta ekologia"

Erabiltzailearen aurpegia Estepan Plazaola 2011ko mai. 16a, 17:29

UEMA, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea.

59 herri: txikiena, Orexa, 123 biztanlekoa; handiena Bergara, 14.700ekoa. Debagoienean UEMAn daude Antzuola eta Elgeta ere; Debagoienetik gertu, Aramaio, Arabako herri bakarra.

Euskal Herrian Euskaraz elkartearen ekimenez 1991n sortua, aurten Bergaran ospatuko du 20. urteurrena, bi mezu nagusirekin:
Lehenengoa, hizkuntza-ekologiaren aldeko mezua. Hau da, biodibertsitatearen defentsa egiten den modu berean, justua, egokia, aurrerakoia… dela kultura-aniztasuna eta hizkuntza-aniztasuna defendatzea; galtzeko zorian diren baleak, hartzak, tigreak... naturako aniztasuna, kontserbatzeko baliabideak jartzen ditugun moduan, bidezkoa eta aurrerakoia dela gizakiok sortu ditugun kulturak eta hizkuntzak kontserbatzea. Hizkuntza bat badela komunikatzeko tresna bat, baina, horretaz gain, badela mundua eraikitzeko modu bat ere eta, ondorioz, hizkuntza bat galtzen den bakoitzean mundu-ikuskera bat ere galtzen dela eta gizateria osoa dela pobreago.

Eta ildo horri jarraiki, hizkuntza ekologiaren printzipioak diskriminazio positiboaren printzipiora garamatza: ahulenak, txikiak, gutxi direnak laguntzera eta babestera.

Bigarren mezua, berriz, euskararentzako arnasguneak eraiki beharra. Gaur egun zabal onartutako printzipio bat da edozein hizkuntzak, iraungo badu, ezinbesteko duela bera nagusi izango den eremu bat. PSEk berak txalotutako Euskara 21 gogoetan jasotzen da: "Arnasgune horiek [gune euskaldunak] zaindu, sortu eta, ahal balitz, hedatu ezean, alferrik izango da, seguruenera, gainerako ahalegin oro. Horrenbestez, lehentasunezko trataera garbia eman beharko zaie euskararen arnasguneei XXI. mende hasierako hizkuntza politikan".

Ekainaren 4an Bergaran zain izango gaituzue... gure hizkuntzak har dezan arnas.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak