Nora goaz AED elkartean?

Euskaltzale batzuen ekimenez, 1983an, Arrasate Euskaldun Dezagun (AED) sortuz geroztik, euskara elkarteen mugimenduak ibilbide oparoa izan du gurean. AED sortu eta urte gutxiren buruan, elkarte aitzindariaren lantalde gisa jaio ziren Ekin Emakumeak, Txatxilipurdi, Arrasate Komunikabideak eta Euskalan egitasmoek nork bere bideari heldu zioten, emakume, haur eta gazte, komunikabide eta lan munduan, hurrenez hurren, euskararentzat esparruak irabazten jarraitzeko asmoz. Hogeita hemezortzi urte luze hauetan, beste hainbat lantalde izan dira, edota dira, elkartearen barruan. Hala nola Gazte Mobida, Harreman taldea, Hegoaxe, Ekitaldi taldea, Kultura batzordea, Bultza, Ttak...

Aipatutako eremu batzuetan, urrats nabarmenak egin ditugu; esate baterako, herriko haur eta gazteendako aisialdi eskaintzan edota Goienaren eraketan. Gure lan esparruak garaietara zabaltzen ere jakin dugu, aniztasunari lekua eginez edota euskara ikasteko prozesuan dauden horiei eroso erabiltzeko guneak eskainiz.

Beste batzuetan, aldiz, aurrerapausoak xumeagoak izan dira. Lan munduan, adibidez, badago oraindik zer egina, entitateen funtzionamenduan euskararen erabilera ohikoa izango bada. Kalea bezalako eremu ez-formaletan, berriz, kezkatzeko arrazoiak ditugu, euskararen ezagutza inoizko handiena izanagatik ere, erabileran atzeranzko joera sumatzen baita. Sorkuntza eta kultur eskaintzan, antzera. Inoiz baino ekoizpen handiagoa eta kalitatezkoagoa dugu, baina erronka itzela daukagu mundu globalizatu eta digital honetan euskarari erreferentzialtasuna eta prestigioa emango badiogu.

Euskararen komunitatea zabaldu eta trinkotzea da lortzeke dugun beste helburuetako bat, hiztun berriak batzea eta euskaratik urrun dauden arrasatearrak erakartzea, belaunaldi eta komunitate ezberdinen arteko elkarrizketak eta gogoeta suspertzea.

Finean, duela 38 urte baino hobeto gauden arren, egoera hobetu beharra ikusten dugu, geldialdi bat egin eta barrura eta ingurura elkarrekin begiratzeko beharra.

Eta ikuspegi horrekin abiarazi dugu Batera, batzera prozesu parte-hartzailea, AED egungo testuingurura egokitu eta aipatu erronkei indarberrituta heltzeko. Hasteko eta behin, analisi lanari ekin diogu, elkarteko bazkideen zein herriko euskalgintzako eta kulturgintzako eragileen iritziak jasotzeko xedez. Aukera hau baliatu gura dugu, bide batez, gure iparra definitzeko laguntzen ari diren euskaltzale eta erakunde horiei eskerrik beroenak emateko. Izan ere, ehundik gora norbanakoren eta 22 erakunderen ekarpenak jaso ditugu prozesuaren lehen fase honetan, izan inkesta bidez, izan aurrez aurreko elkarrizketen eta saioen bidez.

Azterketa lan honetan, Arrasaten euskara biziberritzeko prozesuaren lehentasunez, AEDk prozesu horren baitan izan beharko lukeen zereginaz zein AEDren eta beste eragileen arteko harremanaz galdetu dugu. Hala, hurrengo hilabeteetako helburua elkartearen jarduera, antolaketa eta lan moldeak birdefinitzea izango da.

Analisi fasea amaitu gabe dagoen arren, orain arteko emaitzak eman dizkigu pista batzuk jarraitu beharreko bideaz.

Aktibazioa: gizartea asko aldatu da lau hamarkada hauetan eta militantzia ez dago bere garairik onenean, baina euskararen biziberritzeak hiztunen bultzada eta jarrera aktiboa behar ditu inoiz baino gehiago.

Ahalduntzea: errealitatearen ezagutza izatetik hasten da jabetzea eta ahalduntzea. Gizartean badago euskara dagoeneko normalizatua dagoen ustea. Administrazioko eta zenbait hedabidetako mezu triunfalistek ez dute egoeraren gordina islatzen eta estatistiken datu orokorretan oinarritzeak egoera soziolinguistikoaren konplexutasuna ez ikusteko arriskua dauka. Testuinguru horretan, euskaraz bizitzeko ahaleginak hiztun ahaldunduak behar ditu, egoeraren zailtasunez zein aukerez jabetuta euskarari eutsiko dioten euskaltzaleak. Eta hiztun horiei euskaraz jarduteko guneak, uneak eta baliabideak emateko ere egon behar du AEDk.

Eremu sozioekonomikoa: pertsonek bizitzako denboraren ia herena lantokian egiten dugu, edo bestelako zerbitzuak erabiltzen. Euskaraldian planteatu den aurrerapausoa benetako saltoa izan dadin, arlo honetan ekitea dagokigu euskara normalizatu ahal izateko eta ariguneak benetan hedatuak izateko. Erakundeen eta eragile sozioekonomikoen laguntza behar dugu bide hau jorratzeko, eta AED prest da eremu honetan ekiteko, Arrasate arigune erraldoi bihurtzeko.

Lidergoa, erreferentzialtasuna: euskalgintzan diharduten eragileek zein elkarteko bazkideek euskara biziberritzeko prozesuaren muinean ikusten dute AED, trakzio funtzioa betetzen, sinergiak identifikatzen, koordinazio lana egiten. Etorkizun hurbilean izango dugun erronketako bat izango da, beraz, elkartea giltzarri lan horretan jartzea.

Horiek izan dira prozesuaren ondorio nagusietako batzuk orain arte, baina ez bakarrak: herriko kultur bizitza biziberritzeko ere gako izan daiteke AED; komunikazio mailan ere badugu zer hobetua...

Hilabeteetako lana geratzen zaigu aurretik. Elkartearen helburuak zehaztu eta lehenetsi, zeregin horiek aurrera eramateko aliantzak egin, barne antolaketa eta lan moldeak berrikusi… eta ilusioz beteta ari gara, prozesu honetatik, AED ez ezik, Arrasaten euskara biziberritzeko mugimendu osoa ere arnasberrituta irtengo delako ustea baitugu. Euskaltzaleontzat berririk onena AED bezalako elkarteen beharrik ez dugunean iritsiko da; ekin diezaiogun, bada, ea helburu hori lortzen dugun!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak