AEDren Zuzendaritza Batzordearen oharra

Idatzi honen bitartez, AED elkartearen Zuzendaritza Batzordeak arrasatearrokin partekatu gura ditu iraileko bigarren asteburuan egindako Erdi Aroko azokak sortu dizkion kezkak eta gogoetak. Eta, horrekin batera, Arrasateko Udalari eskaera zehatz bat egin.

Azokaren egitaraua iragarri zenean aurreikusi zitekeenez, gaztelera nagusi izan zen haren eskaintzan. Ikuskizunetan euskara umeei eskainitako kontu kontaketetan baino ez genuen entzun. Eta salmenta postuetan ere ez zuen tokirik izan, ez idatziz, ez ahoz, hiru-lau mahaitan izan ezik.

Jakina da aurrekontua irizpide behinena izaten dela udalek zerbitzu bat enpresa bati edo beste bati kontratatzeko. Dena dela, gure uste apalean, beste irizpide batzuek kostu ekonomikoak besteko pisua izan beharko lukete, eskaintzen den zerbitzua gure hizkuntzaren eta kulturaren kaltetan izango ez bada. Eta oraingoan halaxe gertatu da.

Izan ere, euskararen erabileraz harago, gure kaleak girotu zituen azoka eredu horrek zerikusi gutxi du Erdi Aroan Arrasate izan zenarekin. Eta, horrenbestez, aukera ederra galtzen dugu garai oparo hartatik gaurdaino gorde dugun ondare aberatsa belaunaldi berriei ezagutaraziz zaintzen jarraitzeko. Besteak beste, arkitektura eta urbanismoa, egitura sozioekonomikoa, gertaera historikoak, ahozko tradizioaren arrastoak…

Gauzak horrela, AEDko Zuzendaritza Batzordeak eskaera irmoa egiten die udal arduradunei Arrasateko historia eta kultura ardatz gisa izango lukeen eredu baten aldeko apustua egin dezaten, hurrengo urteetan Erdi Aroko azoka berriro antolatzeko asmorik izango balute. Esate baterako, euskarari lehentasuna emanez, egitarauan tokiko artisau eta artistei leku eginez, herriko adituei eta ondarea zabaltzeaz arduratzen diren elkarteei ekarpenak eskatuz edota kultur taldeak azokan integratuz. Hala eginez gero, AED prest legoke bide horretan Udalari laguntzeko.

----------

Eñaut Muxika

AEDko lehendakaria

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak