Ahalegin horiek hutsal samarrak izan dira, ordea, hein batean bertako langile batzuek uko egin izan diotelako euskaraz trebatzeari eta lan egiteari.
Duela urte eta erdi, oztopo gehien jartzen zituen langilea lantokiz aldatzera zihoala jakinik, gutun bat igorri genion Herri Administrazio eta Justiziako Sailburuari Arrasateko Bake Epaitegian hutsik geratuko zen idazkari kargua euskaradun batek bete zezan bere eskumen eta bitarteko guztiak balia zitzala eskatuz. Eskaera Arrasateko Euskalgintzako hamabi erakundeok sinatu genuen eta Udalak ere eskaera bera igorri zion, bere aldetik. Ez genuen, ordea, erantzunik jaso eta euskara ulertzeko ere gai ez den batekin bete zuten lanpostua.
Iazko maiatzean, berriz, Espainiako Justizia Ministerioak Errolda Zibileko zerbitzuak berrantolatzeko asmoa iragarri eta gero, galdera batekin zuzendu gintzaizkion sailburuari. Jakin nahi genuen ea zein esku-hartze izan zezakeen Eusko Jaurlaritzak Espainiatik zetozen asmoak gauzatuz gero ordu arte tokian tokiko Bake Epaitegiek ematen zituzten zerbitzu horiek euskaraz jasotzeko eskubidea bermatua gera zedin.
Uztailean, erantzunik ez genuela ikusirik, Justizia zuzendariarengana jo genuen, sailburuak baino aukera gehiago izan zezakeelakoan erantzuteko. Tira, ba, ezta horrela ere.
Badakigu esku artean daukagun gaia ez dela Justiziak erantzun beharreko larriena. Baina, hala eta guztiz ere, kargu publikoak herriaren zerbitzura daudelakoan gaude eta horrelako erantzun ezek gutxiespena besterik ez dutela erakusten.
Honenbestez, gertatutakoa publiko egitea erabaki dugu.
Kaleratzea merezi duela uste dugulako eta Justizia Administrazioak, agian, hedabideen bitartez jasota erantzuteko jarrera har dezakeelako, zuzenean igorritakoekin ez bezala.
----------
Eñaut Muxika Olasagasti
(AEDko lehendakaria)
Arrasate