Urtarrila erdialderako bidesaria martxan jarri nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak Beasain-Bergara (A-636) autobidean. Zentzu horretan, Kontseilu Sozialista Goierrirekin batera kanpaina bat abiarazi genuen azaroaren 1ean.
Bidesariaren auzia, egun bizi dugun bizitzen garestitzearen, eta honek dakarren bizi baldintzen okertzearen beste adibide bat baino ez da. Izan ere, ikus genezake, azken boladan nola ematen ari den argi indarraren, elikagaien zein erregaiaren prezioen gorakada. Hau da, langile klaseak bizi duen errealitate gordin honen aurrean ere ofentsiba burgesak ez duela etenik.
Hala ere, testuinguru honek, eta zehazki bidesariaren auziak, hainbat elementu mahaigaineratzeko aukera ematen digu: batetik, sozialdemokraziak planteatu ohi duen zerbitzu publiko eta pribatuen arteko kontrakotasunaren analisia egiten badugu, erraz ikus dezakegu esparru publikoaren aldarria helburu estrategiko gisa izateak duen muga. Zerbitzu baten publikotasunak Estatuak horren gainean duen kontrola besterik ez du azaltzen, jakina izanik Estatuaz ari garenean Estatu burgesaz ari garela. Hau da, oligarkiaren interes finantzario, merkantil eta industrialen mesedetara antolaturiko agenteaz ari gara, ez agente neutral bati buruz. Publikotasunak ez dio biztanleriak zerbitzuarekiko duen kontrolari erreferentzia egiten, norbanakoen sarbidea aldatu egiten baita duen klase posizioaren arabera. Kasu honetan, argi ikus daiteke, proletalgoak kalitatezko garraio zerbitzuetarako duen aukera mugatua. Beraz, garraioa nahiz eta publikoa izan, beste edozein zerbitzu bezala, beti egongo da kapital metaketa globalaren menpe, gizarte kapitalistaren parte den heinean.
Bestetik, espontaneismoaren eta “partzialtasuna”ren elementuak ageri zaizkigu. Bidesarien aurkako borroka, beste hainbat borroken gisara, modu espontaneo batean sortu eta garatu ohi da, eta ondorioz era partzial batean ematen da. Hots, interes indibidualetan eta konkretuetan oinarritutako borrokak izan ohi dira, osotasunaren gaineko inolako erantzukizunik gabe. Zentzu horretan, nahiz eta espontaneoki sortu, beharrezkoa da borroka horiek logika orokor baten baitan kokatu eta zentzu integrala ematea. Izan ere, horrelako problematika zehatzak testuinguru oso baten isla besterik ez dira, kapitalaren posizio ekonomiko, politiko zein kulturalak indartzera bideratutako makro-proiektuak, alegia.
Beraz, gure eginbeharra proletalgoaren antolakuntza independientea hedatzea izan behar du, zeinak, disziplina kolektiboan oinarritu behar duen. Hau da, intuizio eta irizpide pertsonalekin jardun ordez, talde eta mugimendu baten parte izateak dakarrena barneratuz jardutea.
Bukatzeko, abiarazitako borroka prozesuetan ezarritako helburuak indarren araberakoak izan beharko dira, beraz, bidesariari eta bizitzen garestitzeri aurre egin ahal izateko, beharrezkoa izango da indarrak batu eta antolakuntzan aurrera pausuak ematea. Bide horretan, norbanako zein eragile anitzak borrokaren parte izatera bultzatu nahi ditugu, ahal eta nahi duten modu zein intentsitatean bizitzen garestitzearen aurka egiteko, klase kontzientzia berpizteko edota aldarri borrokalaria zabaltzeko.