Hamaika

Erabiltzailearen aurpegia Elias Zumalde 2018ko urr. 21a, 00:00

Gaurkoan ere zeri buruz idatzi erabaki ezinik nabil; hamaika dabilkit buruan.

Euskaraz hamaika hamar gehi bat baino gehiago da. Oso sarri egindako ekintzak adierazteko erabiltzen dugu ("Hamaika bider esan diot, baina alperrik!") edo zerbait handia, harrigarria… adierazteko ("Hamaika ikusteko jaio gara!"). Hamaika gairi buruz ezin idatzi, eta bi aukeratu ditut:

Bat. Igandean, hamaika injustizia, egoera latz, bizi behar izan eta izaten dituzten 37 errefuxiaturi ongietorria egin genien Oñatin. Hamaika bidegabekeria konpontzeko ez du balioko ekintza bakar horrek, baina zertxobait arintzeko balio badu, gaitz erdi! Hunkigarria harreran esker ona adierazteko Txoriak txori abesten entzutea errefuxiatuak. Errefuxiatuak eta herritarrak bat hartuta. Horrelakoak ikusita, zalantzan jartzekoa da harrera zeinek zeini egiten dion.

Bi. Euskaraldiak hamaikarekin jolasteko proposatzen digu: hamaika egunetan, gure egunerokoan, tarte handiagoa eskaintzea euskarari. Batzuk, belarria jarrita, eta beste batzuk, ahoa zabalduta. Baina denok eroso, lasai eta natural. Prest eta bizi. Azaroaren 23tik abenduaren 3rako hamar gehi bat egunak izan daitezela hamaika!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak