Euskara eskakizunak hizketagai

Erabiltzailearen aurpegia Elias Zumalde 2018ko ots. 16a, 09:21

Euskarari buruz asko hitz egiten dugu; euskaraz, berriz, ez horrenbeste.

Euskara gaitzat hartuta jarduteak ez du zertan txarra izan; bere horretan, izan daiteke onuragarria ere. Baina, sarri askotan, gehiegitan, euskara erasoak, atzerapausoak, liskarrak… tarteko izaten dugu hizketagai. Horren lekuko da aste honetan Ciudadanos alderdiak proposatutako legea: ez dute nahi euskara, katalana eta galegoa –hirurak ere hizkuntza koofizialak euren herrietan– jakitea betekizuna izatea lanpostu publikoetan; gehienera ere, lanpostu batzuetan meritu gisa onartzearen alde agertu dira. Euskaraz jakitea eskatzea berdintasunaren aurkako gaitza omen da eta elebakarren eskubideak urratzen ei ditu. Nonbait, euskaldunok ez dugu eskubiderik eta ez dugu berdintasunik merezi. Lekutan dago aniztasunaren edota elkarbizitzaren aldeko diskurtsoa! Gehiago jakitea, konpetenteagoa izatea, azken finean, profesional hobea izatea zigortzea proposatzen dute. Astakeria galanta! Baina ez gaitezen inozoak izan, proposamen hau ez da asmakizun merke bat; ideia honek, oraindik gaur egun ere, jarraitzaile ugari ditu Espainian eta Ciudadanos alderdiak boto ugari irabazteko aukera ikusi du.

Honelako eta antzeko erasoen aurrean jarraitu egin behar dugu euskara erabiltzen, berdintasunaren, aniztasunaren, alde egiten. Ni neu, Eneko Sagardoik, Handia filmean egindako lanagatik, aktore gazterik onenaren Goya saria jaso ostean botatako ideiak iradokitzen duenarekin geratzen naiz: "Jarrai dezagun zinema egiten euskaraz, katalanez eta galizieraz, hizkuntza txikiek erraldoi egiten gaituztelako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak