Eta bai, Oñati herri euskalduna da; bai, behintzat, kaleko ahozko erabileran. Gure kaleko berriketaldietatik 10etik ia 7 euskaraz izaten dira, baina, euskalduna, batez ere, haur eta gazteen artean da euskalduna. Izan ere, 2-24 urtekoen artean, hamar elkarrizketatik bederatzi euskaraz dira. Datu bikaina! Bejondeiela gure gazteei! Datu hauek erakusten dute beraientzat euskara garrantzitsua dela, euskaraz bizi nahi dutela eta, gainera, euskaraz bizi direla. Bestelakoa da 24 urte baino gehiago ditugunontzat euskarak duen lekua, gure arteko elkarrizketen erdiak baino zertxobait gehiago dira bakarrik euskaraz. Adinekoen artean (>64), berriz, kopuru hori %40ra jaisten da. Helduok atxikimendu gutxiago diogu euskarari, gutxiago erabiltzen dugu, errazago pasatzen gara gaztelaniaz egitera, nahiz eta gure solaskidea euskalduna izan edota euskaraz gutxienez ulertu. Arlo horretan, sarritan, pentsatzen edota esaten duguna eta egiten duguna ez datoz bat.
Hau guztia kalean entzundako elkarrizketen gaineko analisia da, baina zer gertatzen da lantegietan edota herriko komertzioetan? Oñatiarrok euskaraz kontsumitzen dugu? Badugu euskaraz kontsumitzeko aukerarik? Garai hauetan bertakoa sustatzea, kontsumitzea, ei da helburua. Kalitatekoa delako, jasangarriagoa delako, justuagoa delako… Ba, aizue, euskara baino bertakoagorik ez dago!