Osasunean ez ezik pertsonaren beste hainbat eremutan ere oso eragin onuragarria omen du kirolak. Eguneroko hainbat egoerari aurre egiteko, elkarlana sustatzeko, harremanak eraikitzeko, diziplinaz jokatzeko… oso lagungarria omen da. Bistan da, bai, kirola egiteak balore ugari eta onak dituela berarekin.
Baina iruditzen zait askotan balore horien guztien artetik lehiarena gailentzen dela (dugula), eta, sarri askotan, lehiaren alderdirik negatiboenak, kirola sanoa izatetik beste zerbait izatera pasarazten dutenak. Txarren eta onen arteko sailkapena egitea, batak bestea zapaltzea, batzuek baztertzea… ohikoegia delakoan nago.
Kirolarekin zer lortu nahi dugun gehiago hausnartu beharko genuke, zein den helburua, zer balore eta nola sustatu nahi ditugun. Kirolak dituen onura horiek jendartera zabaltzen ahalegin handiago egin beharko genukeelakoan nago, batez ere, gure neska-mutikoen artera.
Kirola egitea hain garrantzitsua izanda, neska-mutikoen eskolaz kanpoko kirol-ohiturak gehiago landu beharko genituzke. Neska-mutiko guztiek eurek gogoko duten kirola, modu antolatuan eta baldintza bertsuetan, egiteko aukera izatea da erronka. Eta nik, behintzat, argi dut, kirolak jolasetik jokotik baino gehiago eduki behar du.