Entzuteko jarrera

Erabiltzailearen aurpegia Elias Zumalde 2014ko api. 17a, 00:00

Bai, gure gizartean gero eta entzungor gehiago dagoela iruditzen zait. Sarritan galdetzen diot neure buruari: "Eta hemen, nor dago entzuten".

Esatea bai, esatea gustatzen zaigu. Beste kontu bat da gauzak nola esaten ditugun; baina, tira, ahalegintzen gara geure iritziak, usteak, asmoak besteari helarazten. Sarri askotan gainera ahotsa altxatuta, altuago hitz eginda ideiak argiago geratzen diren ustean edo. Entzutea belarrietatik doinu batzuk sartzea baino zerbait gehiago da. Jarrera bat da, bestea eta berak esaten duena ulertzeko modu bat. Ondo entzuteak patxada eskatzen du, zabaltasuna, prestasuna.

Entzuteko jarrerak gauza asko errazten dituelakoan nago, gauzak adosteko aukerak zabaltzen ditu, elkarbizitza errazago egiten du, parte-hartzearen edota auzolanaren oinarria da, ikasteko, garatzeko, aukera ematen du… Makina bat errazagoa izango litzateke entzuten asmatuko bagenu!

Bizitzako edozein alorretarako da garrantzitsua entzuteko jarrera izatea. Duela gutxi Espainiako linguista bati entzun nion Espainian hainbeste elebakar (espainolez bakarrik dakitenak) egotearen arrazoi nagusia beste hizkuntzak entzuteko jarrera falta dela. Beste hizkuntza bat entzuteko ahalegina egiten duena, beharbada, ez da iritsiko beste hizkuntza horretan suelto-suelto berba egitera, baina dezente ondo ulertzera bai. Hori gurera ekarrita, euskaraz dakigunok euskaraz ulertzen (entzuten) dutenekin euskaraz egiten dugunean, elkarbizitza, auzolana, parte-hartzea… bultzatzen ari gara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak