'Zientziarekin Solasean' topaketetan

Erabiltzailearen aurpegia Elkarhezi Ikastetxea 2014ko urr. 2a, 15:33

Gaur, urriaren 2an, Ostegunean, Pello Uriarte eta Iñigo Barinagarrementeria, Elkar Heziko 2. batxilergoko ikasleak, Ainhoa Mendia irakaslearekin batera, top@DIPC - Zientziarekin solasean! topaketan izan dira Bilbon, Nobel saridunen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleen arteko topaketan, alegia.

Ikasle eta irakasle parte hartzaileei harrera egin ostean, topaketa 10:30tan hasi da, eta 3 bat orduko iraupena izan du, hamaiketakoa egiteko atsedenaldia barne.

Jardunaldian, Claude-Cohen Tannoudji eta Juan Ignacio Cirac zientzialariek, lehen pertsonan hitz egin dute zientziarekin eta ikerketarekin lotuta duten pasioari buruz. Eta, bide batez, bertan izan diren ikasleek zientzialarien bizipenen eta ibilbide profesionalean metatutako esperientzia guztien gainean egindako galderei erantzun diete.

Topaketa hauen helburu nagusia, zientzia- eta teknologia-ikasketei begirako bokazioa sustatzea da.

 

INFORMAZIO GEHIGARRIA:


Claude-Cohen Tannoudji

Konstantinan (Aljeria) jaiotako frantziar fisikaria da. 1962an, Pariseko Goi Mailako Eskola Normalean (École Normale Supérieure-ENS) lortu zuen doktoregoa. 1997an argi laserraren laguntzaz atomoak hozteko eta harrapatzeko metodoak garatzeagatik Fisikako Nobel Saria jaso zuen. Cohen-Tannoudjik eta beste zientzialari batzuek diseinatutako teknikek hainbat aplikazio espezifiko sorrarazi dituzte, hala nola zehaztasun handiko ordulari atomikoak, doitasun handiko interferometro atomikoak, eta grabitatearen indarra eta errotazioaren abiadura neurtzeko girometroak.

Juan Ignacio Cirac

Juan Ignacio Cirac Manresan jaio zen, 1965ean. 1988an Fisika Teorikoan lizentziatu zen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean eta gaur egun Optika Kuantikoko Max Planck Institutuko zuzendari da (Garching, Alemania). Konputazio kuantikoan eta bere aplikazioetan aditua izanik (informazioan), ordenagailu kuantikoek informazioaren munduan iraultza eragingo dutela iragarri du. Ikerketa Zientifikoaren eta Teknikoaren Asturiasko Printzea Saria (2006) eta Wolf Fundazioaren Fisika Saria 2013 jaso ditu besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak