Gu joan den larunbatean Donostiara joan ginen, Martuteneko espetxe horren aurrera, beste behin, zure askatasuna eskatzeko, justua dena betetzeko eskatzeko. Orain arte, kasu gutxi egin digute, baina hortxe jarraitzen dugu, jarraituko dugu, zu herrira, etxera, etorri arte.
Gaur hain gertu gaude, baina, aldi berean, hain urruti. Kartzelako hormatzar honek ez digu uzten oso aspalditik desio dugun besarkada hori ematen. Paradoxikoa bada ere, urte askotan oso urruti izan zaitugu, milaka kilometrotara, baina, aldi berean, oso gertu. Distantziak, denborak, ez gaitu urrundu. Ez horixe!
Akaso, jakinaren gainean egongo zara, baina Oñati aldean azkenaldian xaukena xauk esamoldea jarri da modan. Garai bateko zer xabillau-tik egungo xaukena xauk-era pasatu gara. Esamolde moduan polita da, baina esanahiarekin ez gatoz bat; ez, behintzat, egoera honetan. Guk nahiago dugu Ez Dok Amairuren garaian esaten zen gazte gara gazte... eta ez gaude konforme!
Zure askatasuna eskatzen ari garen guztiok ez gara gazte, denetik dago gure artean: gazteak, helduak, nagusiak, emakumeak, gizonezkoak… Hori bai, gutako inor ez dago konforme egoera honekin; etxean, Arantzazun, nahi zaitugu.
Oñati, Arantzazu, asko aldatu da urte hauetan, ikaragarri: baserri asko hustu egin dira, zaharrak joan eta berriak etorri ez; abereak gutxitu dira eta sasiak nagusitu; Arabako mendi gainean haize errotak ditugu etengabeko mugimenduan; Gandiaga poeta fraidea hil zen eta bere omenez Gandiaga topagunea eraiki da… Zuk alde egin zenuenetik gauza asko aldatu dira, urte asko pasatu diren seinale! Joseba, bada zu bueltatzeko garaia. Arantzazuko, Azpilletako, haizeaz gozatzeko garaia; mendi buelta batzuk eman eta hainbeste ugaritu den sasi artean perretxiko bila bernak urratzeko garaia; familia artean, lagun artean, hitz-aspertuetan, lehengo eta gaurko kontuez aritzeko garaia… Bai, bada garaia! Guk ez dugu etsiko!
Bueno, Joseba, Oñatin izango gaituzu zure zain. A, eta biharko partez, zorionak eta urte askotarako!
-----------
Elias Zumalde
Oñatiko Sareren izenean
Oñati