Elgetako Emakume Erresistenteen plaza

Erabiltzailearen aurpegia Elgetako Udal Artxiboko Taldea 2025eko abenduaren 25a

Ezkerretik hasita: Maria Angela Telleria, Zenona Aranzabal, Zoila Ascasibar, Isaber Berechinaga, Francisca Lamarain eta Anttoni Telleria. (Elgetako Udal Artxiboko Taldea)

Elgetako plaza txiki hura gure historiaren txoko maitagarria da, herriko emakume erresistenteak omentzen ditu. Gure ustez, merezi du garai zailetan borroka eta kemen ezaugarri komunekin bizi izan ziren sei emakume haien izenekin osatutako plaka bat jartzea bertan etorkizunean.

Puntua aldizkariaren 481. zenbakiko Beste artxiboa atalean argitaratutakoa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Maria Angela Telleria Arana


Telleria, ezkerrean.

Elgetan jaio zen, 1779an, eta Rosal de la Fronteran (Huelva) hil zen, 1864an. Gure datuen arabera, izan zitekeen Eguren baserrikoa. Frantziaren aurkako Independentzia Gerran (1808-1814), Maria Angela Durangon bizi zen, 30 urterekin, eta han beste leku batzuetatik ekarritako preso antifrantses ugari pilatzen ziren. Egoera hartan, Maria Angela eta bere taldea estrategia eta ausardiazko hainbat ekintza prestatzen ibili ziren, preso antifrantses ugari askatzeko. Preso hartu, torturatu eta hainbat urtez espetxeratu ondoren, heriotzazigorra ezarri zioten, baina libratu egin zen, Frantziako hamabost ofizialekin trukatuz. Cadizera joan zen bizitzera, Juan Alonso Olmedo senarrarekin, eta Cadizko Gorteek biziarteko 4.000 errealeko pentsioa eman zioten urtean. Senarrarekin eta Angela alabarekin bizi zela hil zen Rosal de la Fronteran, eta kale bat du han haren omenez.

Zenona Aranzabal Barrutia 

Elgetako Itturri baserrian jaio zen, 1878an, eta Madrilen hil zuten, 1936an. 20 urterekin Bilbora joan zen, neskame, etxeko lanak egitera. Moja adoratriz gisa sartu zen han, eta "prostituzioak edo beste esklabotza batzuek esplotatutako emakumeak askatzea" zuen eginkizun. 1936ko Altxamendu Militarrean Madrilgo Adoratrices komentuan zegoen. Une hartan, Madrilen tentsio handiko egoera bizi zuten, hiriburua Errepublikaren esku zegoelako, baina matxinoen bonbardaketa ugari eta odoltsuekin inguratuta. Moja batzuk komentua utzi eta etxe partikularretan babestu ziren. Handik hiru hilabetera, moja adoratrizetako 23 kide atxilotu eta Almudenako hilerriko hormetan hil zituzten.

Zoila Ascasibar Artola

Angiozarren (Elgeta) jaio zen, 1877an, eta Madrilen hil, 1945 inguruan. 20 urterekin, ofizioz ehuleak ziren bere gurasoak hil zirenean, Elgetatik Madrilera emigratu zuen; han bizi ziren haren bi ahizpa. Bertan etxeko lanak egiten hasi zen, neskame, Manuel Alhama kazetari eta editorearen etxean, inprenta baten sortzailea. 1910ean editorea hil egin zen, eta inprimategian lanean jarraitu zuen. 1924rako jada argitaletxe eta inprenta haren jabea zen, Zoila Ascasibar y Cia izenekoa. Sei urte geroago, 40 pertsonak egiten zuten lan bertan, inprimatzeko material modernoarekin, gauez eta egunez, igandeetan izan ezik. Urte haietan, 1937ko martxora arte, politika, zientzia eta arteari buruzko tituluak argitaratu ziren inprimategian. Gerra garai hartan desagertu egin zen Zoila, arrastorik utzi gabe, ez Madrilgo Artxibo militarretan ezta Gerrako Artxiboetan. Zoila Ascasibar Artola -inprimatzailea- azken liburu batek haren figura ezagutzera ematen du gaur egun, Ulises edizioak eta Angeles Ezama egileak argitaratua.

Isabel Berechinaga Garitaonandia

Elgetako Barrenengua baserrian jaio zen, 1911n, eta Bilboko ospitalean hil zen, 1936an. Isabel 1934an ezkondu zen Iturbe baserriko Esteban Urizar Arrese auzokidearekin. Bergaran lan egin zuten bi urtez, eta han jaio zen Frantzisko semea. Gerra hasi zenean, senar-emazteak Amuategi batailoian sartu ziren, Elgetako intxortatarren frontea defendatzeko. Urtebete pasatxoko semea Barrenengua baserrian utzi zuten Isabelen familiarekin. 1936ko azaroan, Elorrio parean, Bilbora bidean, hegazkin faxista baten bonba batek jo zuen Isabel, frontera hornigaiak eramateko autobusean zihoala. Handik gutxira hil zen, ospitale batean.

Francisa Lamarain Aranzabal

Elgetan jaio zen, 1887an, eta Donostian hil, 1937an. Pedro Telleria Ascasibarrekin ezkondu zen (1907), Sestogain baserrian. Bost seme-alaba izan zituzten. Senar-emazteek ahalegin handia egin zuten baserria lantzeko, eta, lau urte geroago, baserriaren jabe egin ziren. 1936an, Elgetako gerrafrontearekin, senarra eta bi semeak borrokan hasi ziren, gudari, eta, geroago, seme haiek Bizkaira ihes egin zuten abereekin. 1937ko apirilaren 24an matxino frankistek Elgeta hartu zuten, bi eguneko gutun zuriarekin; lapurretak, hilketak eta bortxaketak egin zituzten. Egun hartan, goizeko hiruretan, talde faxista bat baserrian agertu zen. Aitari tiro bat eman zioten buruan, eta Anttoni alaba (14 urte) bortxatu egin zuten. Beste tiro batekin behatzak ebaki zizkioten Anttoniri, aitaren zauria estaltzen zegoela. Franciscari burua hautsi zioten kulataz jota eta tiroz. Handik egun gutxira hil zen, klinika batean.

Anttoni Telleria Lamarain

Elgetako Sestogain baserrian jaio zen, 1921ean, eta Elgetan hil, 2007an. Haren gurasoak Pedro Telleria eta Francisca Lamarain izan ziren. Anttoni, gerraren ondoren, Sestogain baserrian bizi izan zen, haren anaia Jose Luisek heredatua. Gerora, kalera joan zen bizitzera, eta mertzeria-jostun tailer-denda bat ireki zuen. Anttoni gure herrian bizirik zegoen ikur bat izan zen, azken gerrako indarkeriaren erreferente krudela. Gertatutakoaren krudelkeria Intxorta 1937 Kultur Elkarteko kideei kontatu zien (2003-05-30).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak