Frantziako Armada, Bergaratik kanporatua

Erabiltzailearen aurpegia Elgetako Artxibo Taldea

Konbentzio Gerrako margolana, Gipuzkoako herri batean kokatuta. (Argazkiak: Elgetako Artxibo Taldea)

Espainiaren eta Frantziaren arteko Konbentzio Gerran (1793-1795), Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako miliziek Frantziako Armada Bergaratik kanporatzea lortu zuten, Elorrioko eta Arrasateko apaizen planei esker, eta Espainiako Armadako jeneralek bataila hura galdutzat hartzen zutela.

Gerra-kontseilua, ezkor

1794ko azaroaren 28an, Frantziako Armadak Bergara okupatu zuen, ia tiro bakar bat ere jo gabe, eta porrot umiliagarria eragin zion Espainiako Armadari, Uribarri Ganboara erretiratzera behartuta, Rubiko markesa jeneralburua zela. Han, Jeneralen Gerra-kontseiluak ondorioztatu zuen Gipuzkoa galduta zegoela, ezinbestean. Azaroaren 30ean bertan, Felipe Santiago Larrea komandante arabarrak Arabako diputatu nagusi Prudencio Maria de Verastegui jaunaren laguntzarekin emandako jakinarazpenak ere ez zien ikuspuntua aldatu. Arrasateko bi apaizek –Arrasateko Garagartza auzoko parroko Juan de Bengoa eta Pablo Fermin de Maguregi– Gipuzkoako Diputazioari aurkeztutako planaren berri eman zien Larrea komandanteak Gerra-kontseiluko jeneralei: miliziak Elgeta aldean, Bergara okupatzen ziharduten frantziarrak baino gorago kokatutako postuetan zeudela, eta frantsesei eraso egiteko prest zeudela, baldin eta Espainiako Armadak Arrasatera aurreratzen bazituen bere tropak. Rubiko markesak ez zuen uste planak garaipenera eramango zituenik, baina egoki zeritzotena egiteko eskaera egin zien.

Hala, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako miliziak, Mendizabal jeneralaren agindupean, Elgetan antolatu ziren. 2.000 arabar, 3.000 bizkaitar eta 1.500 gipuzkoar ziren denera, eta Bergara berreskuratzea lortu zuten, 1794ko abenduaren 2an.


Mendizabal jenerala.

Balentria hartan Elorrioko herritarren ekarpena ere garrantzitsua izan zen. Hiru apaiz buru zituztela, Bizkaiko milizietako agintariak Elgetara itzultzera behartu zituzten, Arabakoekin eta Gipuzkoakoekin elkarlanean aritzeko eta euren herria defendatzeko. 

Izan ere, Bizkaiko ahaldun nagusia, milizietako agintariak eta Timoteo Roch Espainiako Itsas Armadako ingeniaria Elgetako gainetatik Elorrioko hiribildura erretiratu ziren abenduaren 1eko goizaldean, frantziarren aurkako defentsa alferrikakoa zela uste zutelako. Elorrioko erretoreak eta zenbait herritarrek, agintarien iritsieraren berri jakin bezain laster, katramilaz jo zituzten elizako kanpaiak, agintari militarrak Kanpanzar eta Elgetako defentsa-guneetara zuzendu zitezen ostera ere.


XVIII. mendeko soldadu frantses bat.

Elorrion izandako iskanbila eta bortxakerien ondorioz, Jaurerriko eta milizietako agintariek atzera egin behar izan zuten, eta Elgetara itzuli ziren Frantziako Armada Bergaratik kanporatzen saiatzeko. Elorriarrek modu horretan lortu zuten Bizkaiko indarrak arabar eta gipuzkoar indarrei batzea. 

Dena den, Elorrioko hogei herritarrek baino gehiagok prozesu penalari aurre egin behar izan zioten. Bost hilabetera, artxibatu egin zen, Espainiako Armadako Gipuzkoako buruak, Jose Simon Crespo teniente jeneralak, artxibatzearen alde gogor jardun zuelako.

Arrasateko eta Elorrioko apaizen ekimenez, hiru miliziek batu eta helburua lortu zuten

Hiru euskal lurraldeetako indar batasun iragankor hari ezin zaio falta Oñatiko hiribilduarena. Dakigunez, euskal lurralde bakar batean integratu gabeko konderria izanda ere, Konbentzio Gerran Gipuzkoaren ondoan egon zen, lehen lerroan, elkarlanean. Bere konpainiekin gerran parte hartzearekin batera, Bergarako frantsesen erretiroan ere parte hartu nahi izan zuen Oñatik. Gauzak horrela, frantsesak Azpeitira erretiratu ziren, arma eta munizio asko utzi zituzten Bergaran, eta lurraldeak arnasa hartu zuen. 

Milizien elkartasunaren indarra

Gertaera haien karietara, gipuzkoarren uste sendoa azpimarratu nahi dugu, konbentzituta zeudelako frantsesak Bergaratik kanporatzea posible zela; baita Arabako Diputazioaren leialtasun osoa bere diputatu nagusiarekin. Gaitzespen irmoena merezi dute, bestalde, Espainiako Armadako agintariek eta Bizkaiko ahaldun nagusiak. Eta eskerrik beroenak Elorrioko herritarrei, Bizkaiko Diputazioko eta Jaurerriko Milizietako agintariak bahitu eta Elgetako gainera joatera behartu zituztelako, haien baliabide militarrak gipuzkoar eta arabarrekin lankidetzan jar zitzaten. Denek batera lortu zuten Frantziako Armadaren ihesa, eta horrek erakutsi zuen gipuzkoarrek, bizkaitarrek eta arabarrek bat eginez gero Frantziako Armada garaituko zutela, nahiz eta baliabide gutxi izan.

Balioa eman gura diogu nola, Gipuzkoako Konbentzio Gerrako egitate nabarmenetako batean, Arrasate eta Elorrioko parrokoek funtsezko esku-hartzea izan zuten, milizia probintzialekin eta auzokideekin batera, euren Jainkoaren, erregearen, familien, jabetzen eta foru sistemen defentsan.

Era berean, argi eta garbi geratu zen gerraren hasieratik Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako miliziak batu izan balira Frantziako Armada Mendebaldeko Pirinioetan garaitzeko gaitasun nahikoa izango zuketela, Manuel Godoy estatu-idazkariak proposatu zuen bezala. Zalantzarik gabe, estrategia hark aurreikusteko moduko ondorio historikoak izango zituzkeen. 

—

Iturria: Justo Martin Gomezen La guerra de la convención en Guipúzcoa (1793-1795).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak