Bide onetik goaz, baina ezin gara erlaxatu

Erabiltzailearen aurpegia Enrike Letona 2015ko eka. 14a, 00:00

Gure atzetik datozenei gizarte hobea utzi beharko genieke eta hori da Zero Zabor taldearen helburuetariko bat.

Saiatu behar dugu hondakin gutxiago sortzen eta sortzen duguna birziklatu eta berrerabili egin beharko genuke lehengai guztiak agortu aurretik. 

Arrasaten hondakinen mahaia sortu zen eta nahiz eta guk uste sistema eraginkorrena atez atekoa zela, batasunaren izenean amore eman genuen edukiontziekin proba bat egiteko, baldin eta %70 gaika jasotzea adosten bazen, eta akordioa sinatu genuen.

Orain, datuak esku artean, Arrasateko herritarrak zoriondu nahi ditugu, lehen bi neurketek adierazten digutelako bide onetik goazela. Martxoan %70 eta apirilean %78 gaika jaso dugu, erakutsiz sistema honekin ere lor daitekeela. Guk beti defendatu dugu helburua ez dela sistema, ondo birziklatzea baizik. Euskal Herri osoan adibide izan gaitezke!

Alderdiak eta eragileak biltzen hasi ginen eta gure harremana konfiantzan oinarritu zen. Mahaian bertan hartu dira gai honetako erabaki guztiak eta une oro errespetatu egin da bertan adostutakoa. 

Hauteskundeak iritsi direnean mahai honetan sortutako konfiantza urratu egin da, hainbat komunikabidetan EAJko alkategaiak esan duenean zintzilikarioak erosita daudela Arrasaten atez ateko sistema jartzeko. Azken bileran mahaian atera genuen gaia eta Udaletik ziurtatu digute hori ez dela egia. Oraindik badaukagu zer egin, eta konfiantzari heldu eta lanean elkarrekin jarraitu nahi badugu, alkate berriak bere adierazpenei buruz azalpenen bat eman beharko lukeela uste dugu. 

Edozein modutan, badago larria izan daitekeen beste datu bat karakterizazioan (neurketan): organikoen inpropioen batez bestekoa ia %4 izan da, eta datu hori tentuz jaso behar dugu. Izan ere, %5etik pasatuko balitz, kamioi guztia errefus bezala kontabilizatuko litzateke eta ehuneko orokorra asko jaitsiko litzateke.

Beraz, bide onetik goaz, baina arreta jarri behar dugu sailkapenean. Ezin gara erlaxatu eta orain arte bezala edo hobeto egiten jarraitu behar dugu. Guztiok ikusi dugu erraza dela eta egingarria dela. Gai izan behar dugu norbaiti gaizki egiten ikusiz gero, esplikatzeko nola egin behar duen. Hori egiteko gai izanez gero, arrakasta ziurtatuta egongo litzateke. Zorionak arrasatear guztioi!

----------

Enrike Letona

(Arrasateko Zero Zabor taldearen izenean)

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak