"Arrasateko EAJ-PNVko Uri Buru Batzarrari"

Erabiltzailearen aurpegia

Kutxaren lehendakari eta kontseiluaren izendapenean...

... trikimailuak erabili zirela salatu nuen 12/12/05eko gutunean eta esandakoari eutsi egiten diot. Zuen erantzun gutunean nik aipatutako trikimailuei buruz ez duzue ezer esaten. Bai, ordea, gezurrak zabaltzen ditudala. Ez dut inolako gezurrik esan eta zehatz-mehatz azaltzen saiatuko naiz. Nire gutunean bi trikimailu aipatu nituen. Lehen trikimailua: Euskararen Kontseiluko ordezko hautagaiak 70 urte zituelako hautagaitza osoa atzera bota zuten. Gero, DYAko hautagaitzak ez zuen ordezkorik eta hala eta guztiz ere onartu egin zuten. Zergatik bat bai eta bestea ez? Zergatik ez zen onartu kontseilukoa ordezkorik gabe? Bigarren trikimailua: 15 kideko administrazio-kontseilua hauek osatzen zuten: EH Bildu, 7; PNV, 3; PSOE 2; Pixkanaka, 1; CCOO, 1; DYA, 1. Lehendakaria, lehendakariordea eta idazkaria izendatzeko bozketa egin zen, EH Bilduk 7 atera zituen eta PNV-EAJk 7 ere bai, DYA abstenitu egin zen. PSOEko kide batek 69 urte zituen eta orduan erabaki zuten adin gehien zuen pertsonaren kalitatezko botoarekin hautsiko zela berdinketa (inongo arauditan ez du jartzen horrelakorik). Baldin badakizu zaharrena PSOEkoa dela eta zer bozkatu duen… hori ez al da trikimailu bat erabiltzea? Berdinketaren aurrean ez al da hori baino logikoagoa ordezkari gehien dituen hautagaitzak izendatzea lehendakaria? Erabaki dezatela herritarrek zein den logikoena eta zilegiena…

Erakunde sortzaileen ordezkari guztiekin gelditzeko arazo moralik ez dugula izan diozue. Donostiako udaletxean azken hauteskundeak arte PSOE egon da agintean eta Aldundian, berriz, PNV-EAJ. Zuek ez diguzue inolako oparirik egiten eta ordezkari guztiak guretzako izan badira, zuek aurreko legisladuretan ezarritako araudiarengatik izan da. Zuek ederki diozuen moduan, ez dugulako gehiengo osoa eta, beraz, ezin egin horrelako aldaketarik. Beraz, aldundiaren kasuan ez egotzi ezer EH Bilduri, zuek egin duzue araudi hori! Zuek edo nik? Nork egiten du hemen demagogia merkea? 

Eta zuen gutunean kooperatibisten zergen kontua zertara dator? Ez du zerikusirik gaiarekin. Hori ez al da demagogia merkea egitea? Dena den, gai honi ere helduko diot, jakina. 1997an onartutako araudia da eta zuek, PNV-EAJk, egindakoa. EH Bilduk egin duena bakarra da hauteskundeak irabazi, Gipuzkoako Aldundian gobernatzen hasi eta bertako araudia aplikatu. Ni ere kooperatibista naiz eta harro nago. Baina kooperatibista izateak ez dit ematen inolako babes berezirik. Beste edozein langile edo enpresario bezala irabaziak ditut eta irabazi horiek deklaratu ondoren, dagokidana ordaindu behar dut eta kitto! Gustura jarraituko nuke, baina Goienak, normala den bezala, mugak jartzen dizkie gutunei. Gai honen inguruan ez dut gehiago idatziko. Dena dela, edozein modutan apaltasunez esaten dizuet hemen gaudela nahi duzuenerako.

---------------------

Enrike Letona 

(Arrasateko Ezker Abertzaleko kidea)

Arrasate

Debagoieneko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak telefonoan jaso gura dituzu?

  • Bidali ALTA 688 69 00 07 zenbakira Whatsapp bidez.
  • Batu zaitez Telegrameko @GoienaAlbisteak kanalera.